Gipuzkoa

Oarsoaldeko gimnasioetan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abian jarri dute

34 establezimendu atxikitu dira eta azaroan euskaraz aritzen diren erabiltzaileek opari bat jasoko dute
Euskara sustatzeko kanpainaren aurkezpena
Euskara sustatzeko kanpainaren aurkezpena / N.G.

Oarsoaldeko merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera eta presentzia suspertzeko helburuarekin, aurten lanketa berezia egingo da lau herrietako (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) gimnasio eta gorputza zaintzeko establezimenduekin.

Kanpaina honen zehaztapenak Oarsoaldeko lau Udalek eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Errenteria Crossfit gimnasioan aurkeztu dituzte.

Martxoaren 21era bitartean sektoreko establezimenduekin hitz egin dute banan bana, asmoak azaltzeko eta Mugitu gorputza, indartu hizkuntza! izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko. Guztira, 34 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin.

Kanpainaren faseak

Hasteko, urteko ekintzetan parte hartuko duten establezimendu guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagunduko diete. Horrezaz gain, gimnasioetako hiztegitxoa ere banatuko zaie.

Maiatzaren bukaera eta ekainaren hasiera bitartean giza gorputzeko atalak euskaraz nola esaten diren erakusten duen A2 neurriko poster bana banatuko zaie sektoreko establezimenduei. Posterra euskarri sendo batean inprimatuta banatuko zaiela esan zuten ordezkariek.

Azkenik, azaroaren 3tik 17ra, gimnasioetan euskaraz egiten duten erabiltzaileei banatzeko ur botila tolesgarri sorta bana emango zaio parte hartzen duen establezimendu bakoitzari. Botila horiek aurtengo leloa eramango dute: Mugitu gorputza, indartu hizkuntza!

Doako zerbitzua

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak gogorazi zuenez, establezimenduetan euskara sustatzeko doako zerbitzu eskaintza egiten zaie: itzulpenak, maketazioa, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa… Urteak dira, 28 zehazki, kanpaina hau martxan jartzen dela.

Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Aizpea Otaegik, Oarsoaldea garapen agen-tziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu zituen eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten: “Egunero, denetarako erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena”.

Mintzagun

Bestalde, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Mintzagun egitasmoaren baitan, tailer berri bat abian jarriko du martxoaren 25etik apirilaren 10era eskualdeko euskaltegietan.

Etxean ogi goxo eta naturala egiten ikasiko dute Edurne Agirre okinarekin euskaltegietako ikasleek datozen hiru asteetan.

Ikasturtero sei gai jorratzen dira Mintzagun egitasmoko tailerretan. Gai bakoitzarekin tailer bana egiten da eskualdeko sei euskaltegietan. Ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute saioek eta helburua gai erakargarri, berri eta gaurkotasunekoak euskaraz eskaintzea da.

2025-03-25T19:22:22+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo