Buscar
Polideportivo

Ohikoa baino uda luzeagoa eta zirraragarriagoa

Zesta-punta Masterra eta Grand Slam-a izango dituen Hondarribiko txapelketak urrira arte iraungo du
Hondarribiko Pilota Eskolako pilotariekin batera izan ziren atzo zestalariak, herriko harresiaren ondoan. | ARGAZKIA: N.G.
Hondarribiko Pilota Eskolako pilotariekin batera izan ziren atzo zestalariak, herriko harresiaren ondoan. | ARGAZKIA: N.G.

Herriaren bihotza inguratzen duen harresiaren ondoan aurkeztu zuten atzo Hondarribian udako zesta-punta denboraldia. Aurten, gainera, ohikoa baino luzeagoa izango dena.

Lehen hitzordua ostiral honetan bertan izango da, 20.00etan, Jostaldi pilotalekuan, Julen Basterra hondarribiarrak eta Salegik Arbe-Lekueren aurka jokatuko duten partidarekin. Irabazle suertatzen direnek, hurrengo ostiralean Olha-Del Rio eta Hormaetxea-Aimar bikoteen artean nagusitzen dena izango dute arerio. Lau bikote horietatik bakarra iritsiko da azken koadrora, Aritz Erkiaga-Irastorza eta Barandika-Lópezekin batera A multzoa osatuz. B multzoko hiru bikoteak Goikoetxea-Zabala, Olharan-Etcheto eta Beaskoetxea-Lekerika dira.

Ostiraletako pilota-jaialdiak uztailaren 22an eta 29an, abuztuaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira 20.00etan hasita; eta larunbatez, irailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, urriaren 1ean eta 8an, 18.00etatik aurrera. Euskal Telebistak hainbat saio eskainiko ditu, eta sarrerak dagoeneko salgai daude www.eventbrite.com webgunean, baina frontoian bertan ere erosi ahal izango dira.

“Zesta-punta jaialdiak Udalaren apustu garrantzitsua izan dira eta izaten jarraituko dute”, esan zuen aurkezpenean Hondarribiko Turismo zinegotzi María Serranok.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Goiriaren hitzetan, “horrelako ekimenek garrantzi handia dute. Hondarribian urteak daramatzate pilota-jaialdi hauek antola-tzen, eta oso positiboa iruditzen zaigu. Iaz hasi ginen jarduera hauek bultzatzen, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu, gure kirola, kultura eta izaera erakusteko modu ezin hobea iruditzen zaigulako. Balioan jartzeko modu bikaina da, eta bertakoak zein turistak frontoira etortzera gonbidatu nahi ditut, gure-gurea den kirol ikusgarri honekin gozatzeko”.

Sasoi bete-betan dabilen Hondarribiko Pilota Eskolako Jony Amboagek honako hauek azpimarratu zituen: “Azken hamahiru urteotan beti egin dugun legez, plazer handia da gure-tzat ekimen honetan parte hartzea. Gure neska-mutilentzat oso deigarria da, uda partean euren idoloak bertatik bertara ikus ahal izatea. Frontoira etortzera animatu nahiko nuke ere jendea, zesta-punta ezagutzen ez dutenak harri eta zur geratuko baitira”.

Jai Alive-ren izenean Mikel Egigurenek hitz egin zuen: “Oso pozgarria da beste behin Hondarribiko udako denboraldia aurkeztea, 17. urtez jarraian. Aurkezpena egiteko gure harresia aukeratu nahi izan dugu, eremu honetan frontoi bat ikusten den 1884. urteko koadro ospetsua irudikatuz”.

2022-07-22T07:33:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo