Oiartzun – Oiartzungo Udalak eta Euskaraldiko Oiartzungo lantaldeak, Euskaltzaleon Topagunearen 365 egun euskaraz ekimenaren proposamena aurkeztuko du ostegunean 18.00etan Manuel Lekuona liburutegiko beheko aretoan. Helburua umeekin harreman zuzena duten helduak euskararen arloan aktibatzea da.
Udaletik gogorazi dutenez, aurten ez da Euskaraldirik izango, baina Euskaltzaleon Topaguneak arlokako lanketa bereziak egitea proposatu du. Hain zuzen ere, familia transmisioa lantzea proposatu du.
Beraz, ostegunekoa bilera irekia izango da eta umeekin harreman zuzena duten heldu guztiak (gurasoak, irakasleak, hezitzaileak...) gonbidatuta daude aurkezpenera. Saio honen helburua Oiartzunen zer egin daiteken eta zer egin nahi den guztien artean hausnartzea izango da.
Bestalde, Oiartzungo Udalak gogorazi duenez, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak Ongi etorri! kanpaina jarri du martxan, eskualdera etorri direnak euskara ikastera gonbidatzeko.
Horregatik, azken bost urteetan Euskal Herritik kanpotik Oiartzunera etorri diren 500 laguni informazioa bidali die Udalak, euskaraz, gazteleraz, arabieraz, frantsesez eta ingelesez.
Oiartzungo kasuan, gainera, Udalaren beka-sistemari esker euskara ikastea dohainik da B2 maila arte.