Hamarnaka lagun gerturatu ziren larunbatean Udalak antolatutako Oiartzungo Oroimenaren Txokoaren aurkezpen ekitaldira. Arizmedienea etxeko lorategian kokatuta, erreparazio eta aitortzaren bidean herritarren elkargunea izan nahi du. Antton Mendizabalen Iragorri obra jarri dute eta Amaia Martinek bi bertsotan jaso du txokoaren zentzua.
Gainera, webgunea aurkeztu zen: oroimenaoiartzun.eus. Giza Eskubideen urraketak eta gertatutakoaren testigantzak jasotzen ditu, herriaren historiaren zati bat, hain zuzen. Webgunea irekia eta bizia da eta gertatutakoaren ahalik eta argazkirik zabalena eta osatuena ateratzea du helburu.
2018an hasi ziren Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoak herri mailan bizikidetza sustatzeko Oiartzunen eta oiartzuarrek hamarkada luzeetan izandako Giza Eskubideen urraketen oroimena eta egia berreskuratzen. Horretarako, Kattin Txiki herriko memoria elkartearen eta Aranzadi zientzia elkartearen laguntza izan dute. Azken urte hauetan hiru aitortza ekitaldi antolatu dituzte.
Larunbatean borobildu zuten orain arteko ibilbidea: gertatutakoaren testigantzak eta informazioa jasotzen duen webgunea eta biktimen aitortza eta erreparaziorako Oroimenaren Txokoa.