Herrian hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzeko neurri ezberdinak hartu ditu azken urte hauetan Oiartzungo Udalak. Horien artean, 2016 urtean Etxebizi-tza Bulegoa martxan jarri zuen herriko etxebizitza hutsak alokairu duinera bideratzeko. Etxe hutsen jabe direnek eta etxe bat alokatu nahi dutenek, biek jasotzen dute aholkularitza Etxebizitza Bulegoan. Bertan programan parte hartzeko baldintzak eta abantailak azaltzen zaizkie.
Bulegoa ireki zenetik, hamalau etxebizitza huts alokairu sozialera bideratzea lortu da. Gainera, etxebizitza alokatzea bilatzen ari diren 221 maizterri eta 55 etxejaberi eskaini zaio aholkularitza.
Udaletik adierazi dutenez, zerbi-tzua abian jarri zenetik gora egin du eskaerak, maizterren kasuan bereziki. Hartaz, urtearen hasierarekin batera, Etxebizitza Bulegoaren bidez alokatzeak dituen abantailak gogorazi ditu alokairuan jartzen diren etxebizitzak handitzeko helburuz.
Besteak beste, arrisku anitzeko etxe asegurua doan jasoko dute. Gainera, kontratua amaitzean, alokairua egiten den unean zuen kontserbazio-egoera berean itzultzen zaio etxebizitza jabeari, erabilpenagatik eragindako ohiko higadura salbu.
Bestalde, Alokabideren aseguru hirukoitza ASAP edo Bizigune programetarako izango du: juridikoa, kaudimena (maizterrak alokairua ordaintzen ez badu) eta balizko kalteen aurrean.
Gainera Udalak dirulaguntzak eta bonifikazioak ematen dizkio: Ondasun Higiezinen gaineko zergan %50eko deskontua; 60 euroko errenta osagarria hamabi hilabetez; Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria lortzeko dirulaguntza; doako alokairuaren kudeaketa osoa, ez baitute fidantza-izapiderik edo alokairuarekin lotutako beste ekintzarik egin behar, Etxebizitza Bulegoak egiten baitu; etxebizitza berritzeko 3.000 euro arteko dirulaguntza eta obra-lizentzietan %95eko hobaria.
Aldiz, etxejabeek programan bost urtez egoteko konpromisoa hartzen dute. Alokairu prezioa Eusko Jaurlaritzako tasatzaile batek zehazten du, etxebizitza bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera.
Programak eskaintzen dituen abantailen informazio gehiago eskuratzeko, aukeren berri emateko, kudeaketa lana egiteko eta laguntza eta dirulaguntzak bideratzeko, 943 494 129 telefonora deitu edo etxebizitza@oiartzun.eus helbidera ida-tzi daiteke. Etxebideko tramiteak ere bertatik bideratu daitezke.