Oiartzungo etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantza aldatzea erabaki zuten aho batez azkeneko udal osoko bilkuran. Berrikuntza nagusia salerosketari lotutakoa da.
Orain arte, etxebizita tasatu baten jabeak berak lortzen zuen eroslea eta Udalak, etxebizitzaren prezioa zehazteaz gain, erosleak etxe tasatu bat eskuratzeko baldintzak betetzen zituela egiaztatu besterik ez zuen egiten.
Aurrerantzean, aukera berdintasuna bermatzeko eta Udalak zehazten duen prezio eta baldintzetan salduko dela ziurtatzeko, bigarren eskukoak ere Udalak egingo dituen zozketa bidez esleituko dira, lehen promozioetan egiten den moduan.
Hiru hilabetero, zozketa
Joana Mendiburu alkateak adierazi zuenez, 90 etxe tasatu inguru daude gaur egun Oiartzunen eta etorkizuneko promozioetan beste 160 inguru aurreikusi dira. Guztira epe ertainera 250 etxe tasatu egongo dira Oiartzunen, eta “salerosketa zuzena eta gardena” bermatu nahi du Udalak.
Etxebizitza tasatu bat eskuratzeko nahia adierazten duten herritarrekin zerrenda osatuko dutela azaldu zuen, “uneoro irekia egongo dena”. Hiru hilabetero salmentara atera nahi diren etxeekin zozketa egitea aurreikusi dute.
30 eguneko epea ireki dute aldaketa proposamenari alegazioak aurkezteko. Behin betikoz onartzerakoan irekiko dute interesatuen zerrendan izena emateko epea.
Udaleko berdintasun plana
Udal barruko lehen berdintasun plana ere aho batez onartu zuten. Lau urteko iraunaldia izango du eta barrura begirako neurriak ez ezik, Oiartzun berdinzale eta feministagoa izateko “ezinbesteko tresna” izango da.
Nora Vélez del Burgok, Feminismo zinegotziak, azaldu zuenez, besteak beste prozeduretan, dirulaguntzetan, ordenantzetan eta beste hainbat esparru eta lanketetan genero ikuspegia txertatzeko formakuntza jasotzen du planak.
Kontziliazio neurriak edota indarkeria matxistei aurre egiteko udal barruko protokoloak ere aurreikusi dira. “Gure Udaleko errealitateari benetan erantzuten dioten neurriak jasotzen ditu eta bat egiten du herrira begirako plan feministarekin ere”, gaineratu zuen zinegotziak.
Urmendiko mozioa
Bestalde, Urmendi Haur Eskolaren inguruan EAJk aurkeztutako mozioa ere izan zuten aztergai. Jeltzaleek Eusko Jaurlaritzaren Haurreskolen Partzuergoan integratzeko tramiteak abiatzea eskatu zuten. Janire Mitxelena bozeramileak defendatu zuenez, integrazioak “zerbitzu publikoa, kalitatezkoa eta doakoa izatea; Udalaren gastuak murriztea; eta langileen eskubideak errespetatzea” ekarriko luke.
Alkatearen erantzuna hau izan zen: “Badakigu Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak kenduko dituela eta Haurreskolak Partzuergoan sartzea ez da aukera bakarra. Bide desberdinak lantzen ari gara, baina Urmendik proiektu oso sendoa du eta guk horren defentsa egingo dugu ahalik eta denbora gehien”. EH Bilduk mozioaren kontra bozkatu zuen eta ez zen aurrera atera.