Oiartzungo Udalak doako bitartekaritza zerbitzu berria jarri du martxan herritarren artean egon daitezkeen tirabiretan zubi lana egin eta adostasunetara iristen laguntzeko. “Gatazkak korapilatu aurretik soluzio bideak topatzen saiatzeko zerbitzua da, elkarbizitza eta ongizatea hobetzeko”, adierazi dute Udaletik.
Azpimarratu dutenez, betidanik saiatu da Udala modu naturalean gertakari horiek bideratzen eta bi aldeen artean adostasunak topatzen. Lanketa hori egituratu eta zerbitzu egonkor bihurtu du orain, herritarrei eskaini ahal izateko.
Udaltzaingoak kudeatuko du eta horretarako formakuntza espezifikoa jaso duen Xanet Lizeaga udaltzaina izango da bitartekaria. Urtarrilaren 1ean hasi zen bitartekari lanetan eta oso emaitza onak lortu ditu: dagoeneko bi kasutan adostasunetara iristea erraztu du eta beste hiru bideratzen ari da.
Borondatezko zerbitzua
Borondatezko zerbitzua da, eta 688 716 240 zenbakira deituta edo bitartekaritza@oiartzun.eus helbidera idatzita eskatu daiteke. Bi aldeek izan behar dute akordioa lortzeko prestutasuna. Horregatik, herritar batek laguntza eskatzen duenean, Lizeaga jartzen da beste aldearekin harremanetan, prozesua azaldu eta abiatzeko prestutasuna duen jakiteko.
Bi alderdiek jarrera positiboa eta gatazka konpontzeko nahia badute, banakako bilerak egiten hasten da Lizeaga, egoera ezagutu eta adostasun puntuak non egon daitezkeen ikusteko.
Bitartekaritzak aurrera egin ahala saio bateratuak egiten dira. Bitartekaria inpartziala da eta ez ditu soluzioak proposatzen. Bizilagunak elkar ulertu eta akordioetara iristeko bidea egiten laguntzen du.
Edozein momentutan alderdietako bat eroso ez badago edo ez badu aurrera jarraitu nahi, bertan behera utzi daiteke prozesua.
Zerbitzua doakoa eta guztiz konfidentziala da. Lizeaga izango da arazoa eta prozesuaren berri izango duen udal langile bakarra. Saioak ez dira udaletxean izaten eta herritarrei egokien zaien ordutegian egin daitezke. Astean behin ordubeteko saioak izan ohi dira eta gehienez ere bi hilabetez luzatzen da bitartekaritza prozesua.
Epaitegietan ez amaitzeko
Udaletik nabarmendu dutenez, “sarri gertatu ohi dira herrikideen edo bizilagunen artean liskarrak; orduz kanpo ateratzen den soinuagatik, lursailen arteko mugengatik, aparkatzeko tokia ez errespetatzeagatik… Egunerokotasunean sortzen diren bizikidetza arazo horiek ezinegon handia sortzen dute zenbaitetan eta konponbideak lortzen lagundu nahi du Udalak, bi aldeak irabazten aterako diren akordioa erdiestea erraztuz”.
“Dagoeneko oso judizializatuta dagoen jendartean, arazoek epaitegietan amaitu ez dezaten elkarrizketarako eta adostasunak lortzeko gune bat da bitartekaritza”, adierazi dute dira.
“Izan ere, liskar horiek gaiztotu eta epaitegian bukatzen dutenean elkarbizitzarako aukerak galtzen dira eta, azkenean, epaiketa irabazi ala galdu, arazoak bere horretan jarraitzen du eta korapiloa ez da desegiten”, baietsi dute.
“Adostasun batera iritsita, ordea, bi aldeek irabazten dute eta etorkizunean euren arteko harremana askoz hobea izaten da”, amaitu dute.