Oiartzungo azkeneko Plenoan Oiartzungo lehen sektoreko proiektuak sustatzeko ia 47.000 euro banatu eta ordaintzea erabaki zuten. Urteko azken udalbatzarrean adostasuna izan zen nagusi eta gai guztiak aho batez onartu ziren.
Lehenengo puntuari dagokionez, lehenengo sektoreko profesionalek 2022ko abenduaren 1a bitarte izan zuten dirulaguntzak eskatzeko epea eta 33 proiektu aurkeztu ziren. Hauek aztertu eta oinarrietan ezarritako irizpideen baitan egingo da banaketa.
Bestalde, 2023an Oiartzunen aurreikusitako kultur ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzak bana-tzeko oinarriak ere onartu zituzten: 43.250 euro emango dituzte eta urtarrilaren 1etik 31a arte egongo da irekita eskaerak egiteko epea.
Gainera, azkeneko bilkuran Udala Oinherri elkarteko bazkide lagun-tzaile izatea adostu zuten. Azaldu zutenez, 2017an sortu zen Oinherri elkartea herri hezitzaileak egituratu eta sustatzeko. Haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea du helburu: eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz. Azken finean, xedea komunitate-sarea eta auzolana indartzea da. Beraz, urteko ekarpena ordainduko dio Udalak.
Hurrengo puntuan, energiaren prezioaren garestitzea dela eta, Elorsoro, Madalensoro eta Udako igerilekuetan 2022ko uztailetik irailera bitarte izandako gastuen igoera orekatzeko BPXport enpresari 34.620,78 eurotako konpentsazio gehigarria ordaintzea onartu zen.
Gai zerrendan ez zeuden bi kontu ere jorratu zituzten: Segurtasun Eskema Nazionaleko segurtasun politika dokumentua gaur egungo legediari eguneratzea eta Udala eta Behemendi elkartearen arteko hi-tzarmenaren baitan, Bidez-Bide eta Bide-Lagun programen 2022 urteko gastua onartzea eta ordaintzea (54.400 euro). Gogorazi zutenez, ingurunean eta sakabanaturik bizi diren biztanleen bizitza kalitatea hobetu nahi da bi programa hauekin.
Eskertza
Batzar berezia izan zen, 27 urtez udal idazkari lanetan egon den Maribi Joaristiren azkena izan baitzen. Esker oneko hitzak izan zituen alkateak harentzat. 27 urtez, ardura handiko lana “ezin hobeto” egin duela esan zuen Leonetek eta bere “konpromisoa eta esfortzua” azpimarratu zituen.