Oiartzungo Arte Egunak antolatu ditu herriko kulturzale talde batek, Oiartzungo Udalarekin elkarlanean, bihartik igandera arte.
“Kulturabirusa ekimenak aurreko bi urteetan herriko kulturgintzan utzitako arrastoari eta saretzeari segika, helburu an-tzekoak ekarri nahi ditugu plazara: uda giroan ere kultur ekitaldien aniztasuna bultzatzea, diziplinartekotasuna eta esperimentazioa, herriko kultur eragileen, sortzaileen eta kulturzaleen arteko elkar-ezagutza eta saretzea bultzatzea”, azaldu dute antolatzaileek.
Honela, bihar Hiru binaka egitasmoa burutuko da. Hau da, herriko sei sortzaile jarri dituzte harremanetan, bikoteka, egun honetan erakutsiko diren pieza bana sortzeko. Hauexek dira parte-hartzaileak: Miriam Unzueta eta Olga Corrochano, Malen Elizasu eta Xabier Belaunzaran eta Amets Badiola eta Alaia Martin. Sarrerak Garmendi txokolategian lor daitezke.
Larunbata Poesia Eguna izango da. Honela, bidegorriko hiru gunetan, Ugaldetxoko komunetik abiatuta, hiru errezitaldi burutuko dira, Gaizkileak gaia ardatz hartuta (Hernaniko Kale Literatura ekimenaren lankidetzarekin). Lehenengo bi guneetan herriko literaturzale eta idazleek irakurriko dituzte testuak. Hirugarren gunean aurten poesia liburuak argitaratu dituzten Euskal Herriko poetek beren testuak irakurriko dituzte.
Ondoren, 14.30ean, Bazkun Zahar elkartean, bazkaria izango da. Bazkari giroaren bueltan, kulturzale, sortzaile eta eragileen arteko solasa eta saretzea landuko da.
Azkenik, igandean, 10.00etatik 14.30era artisau eta sortzaileen azoka izango da eliza inguruan. Guztira 23 postu ipiniko dira. – A. Muga