Gipuzkoa Nodal izeneko bi eguneko jardunaldia antolatu du Oiartzungo Udalak, EHU eta RAZekin elkarlanean. Oiartzungo udalerria abiapuntu hartuta, Gipuzkoako eta Baiona-Donostia hiriguneen arteko garraio publiko sarearen loturak antolatzeko proposamen berriak egitea da jardunaldi honen helburua.
Alegia, diseinatzen hastea nolako konexioak beharko genituzkeen garraio publiko desberdinen artean, herritarrek egunerokoan beraien joan-etorriak kotxez baino erosoago egin ditzaten garraio publikoa erabiliz.
Herritarren partaidetza saioa
Mugikortasun jasangarriago bat sustatzeko ezinbestekoa izango da herritarren parte-hartzea, baita erakunde desberdinen arteko elkarlan estua ere. Horregatik jardunaldi hauetan bereziki zaindu da, alde batetik, herritarrek parte hartzeko saio propio bat egitea, eta, bestetik, adituak eta erakunde desberdinetako arduradunak elkartuko dituen saio teknikoago bat egitea.

Herritarrei zuzendutako saioaren kartela
Herritarrei zuzendutako partaidetza saioa ostegun arratsaldean egingo dute, pleno aretoan, 18.00etatik 20.15era. Bertaratzen direnek, tailer parte-hartzaile batean etorkizuneko Oiartzungo mugikortasuna nola garatu landuko dute. Oiartzuar denak gonbidatu dituzte osteguneko jardunaldira, herri arteko garraio publiko sare berria elkarrekin irudikatzeko.
Adituak eta erakundeak, ostiralean
Ostiral goizean, berriz, saio tekniko-politikoa egingo dute, Landetxen. Bertan bi hitzaldi eta mahai-ingurua izango dira eta Baiona-Donostia hirien arteko etorkizuneko mugikortasun loturak izango dira aztergai. Plano horretan landuko da etorkizunean nola garatu daitezkeen Arraguak eskaintzen dituen garraio publiko desberdinen arteko konexio eraginkorrak.
Mugikortasun plana
Iaz onartu zuen Udalak Oiartzungo lehen mugikortasun plana. Ibilgailu partikularren erabilera gutxitu eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko hainbat ekintza jaso zituen bertan.
Herri barrura begirako lan-lerroez gain, Oiartzun eta inguruko herri eta hiriburuen arteko garraio publikoa indartzeko helburua ere badu.
Bide horretan, Arragua biziberritzeko auzotarrekin egindako parte-hartze saioetan ere ekarpen oso interesgarriak jaso ziren. Besteak beste, auzoa zeharkatzen duten gaur egungo trafiko arazoak beste begirada batekin ikusteko abiapuntua izan ziren, Arraguak garraio publiko ezberdinak lotzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitu.