Gipuzkoa

Oiartzungo hizkera erabiltzeko gida idatzi dute

Liburua larunbat honetan 11.30ean aurkeztuko dute udaletxeko areto nagusian
Gida sustatu duten taldeen ordezkariak.

Oiartzungo hizkera euskara batuan erabiltzeko gida sortu dutur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzungo Udalarekin elkarlanean. Liburu honek herriko hizkeratik abiatuta, egoera formaletan oiartzuera erabiltzeko irizpideak proposatu nahi ditu: administrazioan, hezkuntzan eta komunikabideetan. Idatzian sortzen diren zalantzak eta uste okerrak argitu nahi izan dituzte, egoera bakoitzean zer eta nola erabili jakiteko. Beraz, lan honen helburua Oiartzungo hizkera ez formalaren eta euskara batuaren erdiko bidea egitea da.

Gida aurkezteko ekitaldia, larunbat honetan, Euskararen Egunean, udaletxeko areto nagusian, 11.30ean, burutuko da. Dagoeneko hasi dira ikastetxe, eragile eta komunikabideen artean banatzen. Urrats paperdendan ere salgai daude bost euroan.

Gida honen abiapuntua Oiartzuarren Baitan egitasmoa izan da. Oiar-tzungo ahozko ondarea jasotzeko, gordetzeko eta herrira zabaltzeko ekimena 2006an jarri zen martxan. Ordutik, ahozko jardunarekin lotutako lanketa egin da.

2020an hasi ziren ahozko jarduna eta idatzizkoa nola uztartu lantzen. Oiartzuarren Baitan egitasmoan bildutako materialaz gain, Fraile ahizpek 1996an argitaratutako Oiartzungo hizkera liburua ere lagun izan dute gida sortzerakoan.

Ekitaldiak

Gidaren aurkezpenaz gain, larunbateko egitarau anitza antolatu dute Udalak, Ttur-Tturrek eta Abaraxka udal ludotekak.

Goizeko 10.00etatik 13.30era, herriko hamahiru ekoizle eta artisauk neguko HemenGuk azoka egingo dute plazan. Barazkiak, ogia, gazta, gozoak, sagardoa, arrautzak, txakolina, pasta, artisautza produktuak… Era guztietako produktuak aurkituko dituzte bertan herritarrek.

Gidaren aurkezpenaren ondoren, 12.30ean, Xabier Lete XXXV. prosa eta poesia lehiaketaren sari banaketa izango da, pleno aretoan hau ere.

Arratsalde eta iluntzean ere festa izango da nagusi Oiartzungo Doneztebe plazan: 17.30etik aurrera, herriko eragileen emanaldiak egongo dira eta 22.00etan Kuluxka Klan taldearen kontzertua.

03/12/2022