Buscar
Gipuzkoa

Oiartzungo Ingurumen Taldea sortu da ohitura jasangarriak sustatzeko

Igandean 'Natura Aztertuz Failian' ekimena antolatu du Txarako parkea
Oiartzungo Ingurumen Taldeko kideak udal ordezkariekin
Oiartzungo Ingurumen Taldeko kideak udal ordezkariekin / N.G.

Asteburu honetan, igandean, Oiartzungo ingurumenaz gozatzeko hitzordua prestatu du Oiartzungo Ingurumen Taldeak. Berriki sortu dute taldea, elkarlana, sentsibilizazioa eta zaintza sustatzeko.

Partaideak ez dira berriak: orain arte, Bazterrak txukuntzen eta Ekotalde modura jardun izan dute, eta hainbat ekintza aurrera atera dituzte. Orain, ingurumenaren zaintzan aritzeko asmoz, bi taldeak batu eta Oiartzungo Ingurumen Taldea osatzea erabaki dute, Udalarekin, herriko eragileekin zein herritarrekin elkarlanean aritzeko.

Kontserbazio eremuak

Hainbat ekintza-lerro aurreikusi dituzte helburu hau gauzatu dadin. Batetik, kontserbazio eremuak babesten hastea aldarrikatzen dute, eta honekin batera, kaltetutako puntuen identifikazioa zein zaintza bultzatzea.

Bestetik, sentsibilizazio eta heziketaren bidez, ohitura jasangarriak sustatzea eta ingurumenarekin dugun harremana indartzea.

Eta azkenik, komunitate sarea ehuntzea, hausnarketa kolektiboa bultzatuz eta konponbideen inguruko lanketa burutuz.

Ingurumen zaintza ardatz duen ibilbide honetan, mota desberdineko jarduerak antolatuko dituztela iragarri dute. Hondakinen bilketa sustatzeko aldarrikapenak ez dira faltako, eta, bide batez, ingurumen balioak ezagutzera eman nahian, hainbat saio burutuko dira urtean zehar.

'Natura Aztertuz Familian'

Aste honetarako antolatu du talde berriak lehen ekintza, Udalarekin elkarlanean. Herrian natur irla osatzen duen Txarako basoan egingo dute Natura Aztertuz Familian jarduera. Urtaro bakoitzean errepikatuko dute, naturaren aldaketak behatzeaz gain, herritarrek zientziaren bidezko jakintza jasotzeko.

Martxoaren 23an izango da, igandea, goizeko 11.00etatik aurrera, honako helburuarekin: basoa hurbiletik behatzea, gozatzea eta naturarekiko lotura afektiboak indartzea. Ekimenean parte hartzeko formulario honetan eman behar da izena: https://forms.gle/uesAzjNV4UJ1egNcA

Elkarlana sustatu nahian, herriko norbanako eta eragile ezberdinei ere dei egiten diete ingurumenaren zaintzan parte har dezaten. “Ingurumenaren gaia hain transbertsala izanik, ongi etorriak izango dira ekarpen eta lanbide desberdin guztiak”, animatu dute.

Zuhaitz Eguna

Joan den igandean Zuhaitz Eguna antolatu zuen Oiartzungo Udalak. Pilotasoron bertako haritzak landatuko zituzten.

10.30ean elkartuko ziren denak Pilotasoron, landaketa lanei ekiteko. Amaitzean hamaiketakoa eskaini zuen Udalak.

Etiquetas
2025-03-22T08:21:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo