Oiartzungo Udalak jakitera eman duenez, udalekuetan izena emateko epea zabalik dago eta apirilaren 2a izango da matrikula egiteko azken eguna. Zerbitzu hau Haur Hezkuntzako 3. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitarteko haurrentzat eskaintzen da uztailean.
400 plaza eskainiko ditu aurten ere Udalak. Horregatik, Oiartzunen erroldatuta daudenek edo bertako ikastetxeetako ikasleek eman ahal izango dute izena.
Uztailaren 3tik 29ra izango dira aurtengo udalekuak, 9.30etik 13.30era. Hala ere, lehen edo bigarren hamabostaldian bakarrik joateko aukera ere eskainiko da. Aurten lehen aldiz prezio bereziak izango dituzte guraso bakarreko familiek.
Online egin beharko da matrikula, www.gazteoiartzun.net helbidean. Bertan ikus daiteke aurkeztu beharreko dokumentazioa eta zerbitzuaren prezioa. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, epez kanpo egindako matrikularik ez da onartuko.
Informazio gehiago behar duten familiek bide hauek erabili ditzakete: udalekuak.oiartzun@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 943 506 412 edo 645 005 496 telefonoetara deituta.