Usurbilgo Atxega Jauregian eman ziren atzo 2023ko euskarazko komunikazioaren Argia Sariak. Pandemiak baldin-tzatutako bi urteren ostean, sari-emate presentziala berreskuratu zen. Ohiko bost kategoriei, merezimenduzko sari berezi bat gehitu zitzaion. Horrekin, “kazetaritza askearen alde”, Polonian kartzelatuta dagoen Pablo Gonzalez kazetariaren emazte Oihana Goirienaren lana aitortu nahi izan dute.
Ikus-entzunezkoen kategorian, Ander Iriartek jaso zuen garaikurra bere Karpeta urdinak dokumentalarengatik. Iriartek 70. Zinemaldian aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako torturari buruzko txostenaren inguruko film luzea eta Argiako kideek sariarekin ahanzturaren aurkako lana errekonozitu dute.
Entzunezkoen kasuan, Iñurri taldeari egokitu zaio saria, minbiziaren ikusgaitasunaren alde ondu duten (Min)bizia podkastarengatik, betiere, feminismoa eta elkartasunaren ikuspegitik. Prentsako Argia Saria, aldiz, Unai Iturriaga ilustratzailearen eskuetara joan da, Gara egunkarian Zugazart izenpean sinatzen dituen iritzi tirengatik. Gainera, brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egiteko eskubidea borrokatzen duten Ipar Euskal Herriko ikasle eta irakasleek jaso dute urteko komunikazio kanpaina onenaren saria eta, azkenik, euskal Mastodon komunitateari eman diote Interneteko Argia Saria.