Donostiako Udalak gaur iragarri duenaren arabera, 2024an hiriko erdigunea garraio publikoarentzat eta egoiliarrentzat erreserbatzeko asmoa du, ibilgailu pribatuak bertatik pasatzea saihestu eta emisioak murrizteko. Berria jakin bezain laster, NOTICIAS DE GIPUZKOA kalera atera da donostiarrek eta dendetako saltzaileek albistea nola hartu duten jakiteko.
Koro y Begoña Sagardia ahizpak Amaran bizi dira eta neurri berri onek ez diela eragingo uste dute. "Donostian ez dago distantziarik toki batetik bestera, eta edozein tokitatik erdigunera bi minututan iritsi zaitezke. Gu autobusez edo oinez mugitzen gara hirian zehar, oinez batez ere, eta guri neurri honek ez digu batere eragingo", azpimarratu du Begoñak.
"Asko jota hemen lan egiten dutenei eragingo die. Hala ere, nik erretiroa hartu baino lehen erdigunean egiten nuen lan, baina azken urteetan ez nuen autoa hartzen. Ezin nuen aparkatu egoiliarra ez nintzelako eta askoz azkarragoa zen autobusa erabiltzea. Eta momenturen batean besterik ez bazegoen, taxia hartzen nuen. Horrela, merkeago irteten zi-tzaidan", azaldu du Korok.
Askatasunaren Hiribidean kokatuta dagoen Scalpers dendako Andrea saltzailearentzat neurri paregabea da. "Nik ez nekien ezer, baina uste dut askoz hobe izango dela oinezko gehiago pasako direlako dendaren aurretik", nabarmendu du Andreak. Horrez gain, hiriko emisioak murrizteko ere aberasgarria izango dela pentsatzen du: "Hiriko kutsadura ekiditeko ere hobe izango dela uste dut, eta autobusa hartzen duten pertsonei ere ondo etorriko zaie".
Txurruka kaleko Bule Berri zapata-dendako langileek, Magdalena Grande eta Jaione Camachok, uste dute neurriak ez duela eraginik izango beraien negozioan. "Gu oinezkoentzako kale batean ari gara lanean eta ondo doakigunez, ongi iruditzen zaigu neurria. Baina ez gara zentroan bizi. Uste dut zentroan bizi den jendearentzat pixka bat konplikatua izan daitekeela", adierazi du Grandek.
Bezeroek Bule Berri zapata-dendara oinez joan behar du derrigorrez, eta hori beraientzat ona dela uste dute. "Jendeak ez du hemen inguruan aparkatzen. Aparkalekuetan uzten du autoa eta oinez etortzen dira, edo autobusez bestela. Lehen, hau oinezkoentzat ez zenean, nabaritzen zuten hor parean aparkatzen zutela eta dendetara joaten zirela bezeroak, baina orain ez. Hala ere, ulertzen dugu jendeari ondo etortzen zaiola kotxean beraien denden aurretik pasatzea", gehitu du Camachok.
Era berean, hiriarentzat ere neurri onuragarria izango dela uste dute. "Ekologikoki ona izango dela uste dugu.
Pandemiarekin ikusi da gainera, hiri handietan guztia geratu denean emisioak desagertu egin direla", adierazi dute.
Gipuzkoa plazako Pikoteos goxoki dendako jabeak, Marian Izquierdok, berari ere neurriak ez diola eragingo pentsatzen du. "Uste dut hasiera batean ez digula eragingo jendea garraio publikoan mugituko delako. Hemengo bezeroez gain kanpokoak ere etortzen zaizkit dendara, baina asko garraio publikoan etortzen dira", azpimarratu du.
Idiakez kaleko Federópticos Idiakez optikaren jabeak, aldiz, saltokiengan eragina izango duela uste du. "Jendeak bi aldiz pentsatuko du zentrora etorri baino lehen, batez ere eguraldi txarra egiten badu. Groseko bezero batzuk adibidez, agian etortzeari utziko diote edo ez dira hainbeste etorriko. Ulertzen dut zentzu horretan eragin dezakeela. Horrez gain, neurriaren paraleloa den azpiegitura bat egon beharko litzateke, hau da, garraio publikoa areagotu beharko litzateke jendeak bere erosketak modu erosoan lekuz mugitzeko aukera izan dezan", adierazi du.
Horrez gain, emisioak murrizteko ona izango dela uste du, baina Donostiak ez duela arazo hori pentsatzen du. "Frogatuta dago emisioak murrizten lagunduko duela, baina ez dut uste hemen orain arte arazo hori genuenik. Baina Madrilen adibidez, frogatu da horrelako gauzek kutsadura murrizten laguntzen dutela. Dena oso polita da, baina errealitatea nolakoa den ikusi beharko da", esan du.