Oinezkoentzako bide batek lotuko ditu Gaztelugatxe eta Bermeoko herrigunea. Bizkaiko Foru Aldundiak lan hauen lehenengo fasearen proiektua onartu du astelehen honetan, urriak 31.
Lehenengo fase honek Lurgorri eta Erleko Puntako Begiratokiaren arteko tartea hartzen du eta Madariaga errekaren ibarbidea gainditzeko arrain-sabel erako pasabidea sortuko da; 707.800 euroko aurrekontua eta zortzi hilabeteko egikaritze-epea izango ditu.
Oinezkoentzako bide honen lehen fasea lehendik dauden pistetatik igaroko da eta BI-4203 errepidearen aldamenekoa izango da tarte baten. Zati hori Ermualdeko Merenderoan hasten da, Matxitxako itsasargitik igaro eta Erleko Puntako Begiratokiraino iristen da. Jarduketa-eremu ia osoa Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan eta Gaztelugatxeko ingurune babestuan dagoenez, bide horren diseinua eta hura gauzatzeko egingo diren lanak bat datoz espazio horietarako araututako kontserbazio-neurriekin eta ahalik eta naturaltasun handiena gordetzen dute ingurunea artifizializatzea saihesteko.
BI-4203 errepidearen ondotik doan zatian bide horrek harlangaitzezko eustormaren eta itsasargi zaharreko harlangaitzezko itxituraren arteko bidea hartuko du. Eremu horretako trazaduraren zati batean ibilgailuak itsaslabarrerantz igarotzea eragozten duten zurezko bolardoak jarriko dira, segurtasunagatik eta inguruan aparkatzea saihesteko. Halaber, ikuspen gutxiko bi bihurgunetan, segurtasuna hobetzeko jarduketak egingo dira eta abiadura mugatzeko seinaleak ordeztu eta indartuko dira, gehienez ere orduko 30 kilometroko abiadura ezarriz; horretarako zeharkako alerta-zerrendak margotuko dira bihurgune horietara sartu aurretik.
Madariaga errekaren gaineko pasabideari dagokionez elementu horren egituraren sorkuntza etorkizuneko zubiaren azpian eta obra egiteko aurreikusitako aldi baterako okupazio-eremutik gertu Woodwardia radicans landare babestuaren presentziak baldintzatu du. Hori ez ezik, baldintzatzaileak izan dira pasabidea jarriko den lekura iristeko zailtasuna eta giroaren agresibitatea bera, itsasoaren hurbiltasunak materialak babestea eskatzen duelako.
Pasabide honetako lanen garapenak ingurunearekiko errespetua izan dezan, neurri gehigarriak ezarriko dira eragin posibleak minimizatzeko, hala nola obrako lohiak biltzeko sistema bat eta hormigoizko soberakinetarako putzu iragazgaitzak jartzea edo obren maila akustikoak kontrolatzea.
Bidezidorraren ibilbidea egokitzearekin batera, proiektuaren barruan Erleko Puntako Begiratokia sartzen da. Puntu horretan BI-3101 errepidearen zabaleratik bereizten duen horma eraitsiko da eta eremu horretan dagoen desnibela gaindituko da, bi metroko zabalerako arrapala bat sortuz, eta egurrezko baranda bat ere instalatuko da. Gainera inausi egingo da begiratokiaren iparraldean dagoen zuhaiztia, eremu horretan bertan sastrakak kenduko dira, begiratokiaren gainerako belarra moztuko da, altzariak berrituko dira eta egungo bankuen ordez soilagoak diren beste batzuk jarriko dira; halaber, informazio-panela konponduko da. Azkenik, begiratokian hegoaldeko hormigoizko horma eraitsiko da eta horren ordez zimendu-lauza bat jarriko da.
Erabiltzaileek bide horren ibilbide osoan zehar orientatzeko aukera izan dezaten, bidearen bi noranzkoetan orientazio-geziak dituzten zutoinak jarriko dira, Bakiotik Matxitxakoko itsasargiraino erabiltzen den eredu bera erabiliz.