Koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, bueltan dira Olentzero eta Mari Domingi. Hala, datorren ostiralean, abenduak 23, Bilboko kaleetan zehar ibiliko dira haien laguntzaileekin batera.
Dena prest daukatela, eta ohitura onei eutsiz, Olentzerok eta Mari Domingik erakutsi digute Bilbora, Gabonen hirira, etortzeko gertu daudela. Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak harrera egin die udaletxeko Arabiar Aretoan, eta, elkarrekin, haiek Bilbon egoteak eskatzen duen operatiboa errepasatu dute, eta uriaren eta bilbotarren gaur egungo egoerari buruzko iritziak partekatu dituzte.
Hasi da atzerako kontaketa, zalantzarik gabe urteko une magikoenetakoa den horretarako. Eta, Itziar Urtasunek esan duen moduan, «murrizketek markatutako bi urte eta gero, ilusiorako, kaleak magiaz, argiz eta kolorez betetzeko garaia dugu berriro. Dudarik gabe, oso Gabon bereziak izango dira; are bereziagoak, Olentzero eta Mari Domingi gogoratzen ez dituzten edo ezagutu ez dituzten ume askorentzat. Aurten, gure kaleetara itzuli dira biak, helburu bakar batekin: guri irribarrea itzultzea».
Olentzeroren kalejira, bueltan
Txikienentzako unerik gogoangarriena abenduaren 23an (barikua) izango da: 18:00etan, Carlton Hoteleko balkoitik (Moyua plaza) agur egin eta gero, Olentzerok eta Mari Domingik, Bilbora urtero etortzen diren pertsonaia magiko horiek, kalejira hasiko dute. Nobedade gisa, aurtengoan, desfileak buelta osoa emango dio Moyua plazari (zirkulazioaren aurkako noranzkoan), eta, gero, Kale Nagusitik joango da Arriaga plazaraino.
Kalean, Olentzerok egurrezko bere pottoka handiaren bridak berreskuratuko ditu. Harekin egongo dira Mari Domingi, antzarrean, Basajaun, trizikloan eta Lamia, desfilea girotzen bere ahots ederrarekin. Ez dira bakarrik egongo. Eta, familien eta kuadrillen ilusioa are gehiago pizteko, eta Olentzeroren segizioa bidean galdu ez dadin eta uriko etxe guztietara heldu dadin, Galtzagorrien talde bitxiari kide berriak batuko zaizkio: hiru ipurtargi erraldoi. Beren argiarekin, Olentzero eta lagunak gidatuko dituzte Arriaga Antzokiraino.
Helmuga: Arriaga Antzokia
Arriaga Antzokian, arratsaldeko zazpiak aldera, Olentzeroren musikari-banda jotzen hasiko da eta kalejirako kide guztiek izango dute beren tartetxoa eskainiko duten antzerki-musikal ikusgarrian, non Olentzeroren istorioa kontatuko dieten bertaratutako guztiei.
Arriaga plazan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak ongietorria egingo diete pertsonaia magikoei, zeinak, gero, ohi bezala, Arriaga Antzokiko balkoira igoko diren, bertaratutako guztiak agurtzeko eta Olentzero eta Horra Mari Domingi abestiak kantatzeko.
Agurraren eta abestien ostean, Olentzero eta Mari Domingi atseden hartzera joango dira antzoki barrura, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
Olentzero eta Mari Domingi Arriaga Antzokian, 24ko goizean
Olentzerok eta Mari Domingik abenduaren 24rako (domeka) indarrak gordeko dituzte. Izan ere, egun horretan, goizean, Bilboko umeak hartuko dituzte, gurariz betetako gutunak jasotzeko; eta, gauean, Bilboko etxe guztietatik igaroko dira.
11:00etatik aurrera, Arriaga Antzokia umez beteko da. Haurtxoek aukera izango dute Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko eta beren gutunak eskura emateko.
Aurtengoan, itxarote-denborak ahalik eta laburrenak izan daitezen, Udalak ONLINE jarriko ditu SARRERAK (1.500). Herritarrek DOAN lortu ahalko dituzte, esteka honetan.
Sarrerak abenduaren 22ko (eguena) 10:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri. Erreserba bakoitzeko, NAN batekin, 4 adingaberentzako sarrerak jaso ahalko dira. Adingabeak bi helduk lagunduta joango dira, gehienez (helduek ez dute gonbidapenik beharko).
Gainera, zain egoteko denbora samurtzeko, Udalak zenbait jarduera programatu ditu antzokiaren kanpoaldean, goiz osoan zehar. 11:00etan hasiko dira, talo-tailer batekin eta makillaje artistikoko postuekin. 12:30ean, berriz, Deabrukeriaken antzerki-ikuskizuna eskainiko dute: Plaza Abordaia! umeentzako erromeria.
Horrez gain, Areatzako ingurunean bertan, Ein GO Kantan eta Dantzan taldeak eguna girotuko du Gabon sasoiko kantutegiarekin, familia guztiek gozatu eta parte har dezaten.
Neurri unibertsalak, mundu guztiak ondo pasa dezan
Bilboko Udalak hamarkada bi baino gehiago darama aisialdi inklusiboa sustatzen duten politikak eta programak garatzen. Zentzu horretan, irisgarritasun-neurriak hartzen dira, dibertsitate funtzionala duten pertsonek ere hiriko jai-ekitaldiez gozatu dezaten.
Olentzero eta Mari Domingiren kalejiran gune bat egongo da desgaitasunak dituzten pertsonentzat, Arriaga plazan: 18:00etan, eremu bat prestatuko da, ikurriñatik hurbil, behar duten guztiek toki hori erabil dezaten, edukiera bete arte.
#BilbaoGabonak
Jarduera horiek #BilbaoGabonak udal proiektuaren parte dira. Programa horren bidez, Udalak bilatzen du Gabon hauetan Bilbo aisiarako, merkataritzarako eta kulturarako erreferente gisa finkatzea.
Egitaraua
KALEJIRA, abenduaren 23an (astelehena):
- 17:50: Olentzero eta Mari Domingiren agurra, Carlton Hoteleko balkoitik.
- 18:00: Kalejira abiatzea, Moyua plazatik.
- 19:00: Ikuskizuna Arriaga Antzokiko plazan, Olentzero eta Mari Domingiren musikarien bandaren eskutik.
- 19:30: Olentzero eta Mari Domingiren despedida.
- 19:35: Olentzero eta Mari Domingiren agurra, Arriaga Antzokiko balkoitik.
UMEEN HARRERA, abenduaren 24an (martitzena):
- 11:00-14:00: Olentzero eta Mari Domingiren harrera, Arriaga Antzokian.
- 11:00-14:00: Talo-tailerra.
- 11:00-14:00: Makillaje artistikoko tailerra.
- 11:00-14:00: Erromeria, Ein GO Kantan eta Dantzan taldearekin.
- 12:30: Deabrukeriak taldearen ikuskizuna: Plaza Abordaia!