Potx eta Lotx pailazoek bosgarren ikuskizuna kaleratu dute 'Lagunekin topa' izenburupean. “Lan oso berezia da, izan ere, orain arteko ibilbidean sortutako abesti kuttunak bertsionatu ditugu Euskal Herriko pailazoen kolaborazioekin”, aurreratu dute Oñatiko sudur gorriek.
Zenbakia borobila izanik, hamar urte baino gehiagoko oholtza gaineko ibilbidea ospatzeko baliatuko dute lana, batez ere, lagunekin ospatzeko.
Datorren igandean, martxoaren 16an, izango da estrenaldia Urretxuko Labeaga aretoaren taula gainean. Proiektu berria disko batekin ere osatzen da, eta dagoneeko entzungai dago plataforma digital guztietan.
“Antzezlanak ere ospakizuna izango du oinarri. Xabi Sound eta Izaskunek festa erraldoi bat prestatu diete pailazoei; baina hauek, urduri, behar baino lehenago iritsi dira festara. Xabi Sound (Ander Murillo) eta Izaskunek (Danel Teran), denbora irabazi nahian, orain arteko ibilbidean ezagututako lagunak deituko dituzte pailazoak entretenitzeko asmoz; Rikardo Anakardo 'barrakako langilea' edota 'Susi azafata', esaterako. Hauekin batera hamaika abentura biziko dituzte Potx eta Lotxek”, azaldu dute.
Euskal Herriko pailazo askoren kolaborazioak
Euskal Herriko pailazo askorekin batera prestatutako lana da azken hau; horregatik, orain arteko diskorik “bereziena” dela dio Josu Zubiak (Potx). “Bidean egin ditugun lagun guztiekin ospatu nahi genuen gure oholtza gaineko bosgarren denboraldi hau eta, horretarako, diskoan parte hartzeko gonbitea luzatu genien. Guk dakigula, inoiz ez da horrelakorik egin Euskal Herrian, eta aspalditik genuen guztiok batu eta elkarrekin zerbait polita egiteko nahia. Segituan jaso genuen gainontzeko pailazoen baietza”.
"Opari moduko bat"
Itziar Arkauz (Lotx) ikuskizun honekin agertokietara itzuliko da ia urtebeteko geldialdiaren ondoren. Gogotsu dago hasieratik euren ibilbidea jarraitu duten guztiekin pentsatuta sortu duten lan hori herriz herri ikusteko. “Haientzako opari moduko bat ere bada lan hau, hasiera-hasieratik gurekin egoteagatik, inork ezagutzen ez gintuenean ere. Noski, beti da plazera ikuslego berria jasotzea eta pozarren hartuko ditugu horiek ere denboraldi berri honetan”, adierazi du Lotxek.
Takolo, Porrotx, Pirritx, Mari Motots
Takolo, Porrotx, Pirritx eta Mari Motots pailazoek... parte hartu dute lan honetan. Beste behin, Pernan Goñik egin ditu ilustrazioak, eta Josu Zubia abestien moldaketak egiteaz arduratu da, Oriol Flores bateriaren eta Iker Laurobaren gitarren laguntzarekin. Gaztain estudioan grabatu dute diskoa Eñaut Gaztañagaren eskutik. Dagoeneko entzungai daude plataforma digital guztietan.
Urretxuko estreinaldiaren ondoren, Euskal Herrian zehar egingo du bira Potx eta Lotx taldeak. Apirilean, adibidez, Erandion, Lazkaon eta Azpeitian izango dira. Informazio guztia potxetalotx.eus atarian dago eskuragarri.
'EiTB'-ko Makusi plataforman ostiralero
Oholtzaz gain, ostiralero Potx eta Lotx pailazoen telebista saioa ikus daiteke 'EiTB'-k haur eta gazteentzat sortutako Makusi plataforman.