Gaurko ONCEko kupoian, Gasteizko Eduardo Dato kalea izango da protagonista erakunde horrek egin duen A pie de calle seriearen barruan. Bost milioi kupoitan Euskadiko hiriburuaren kale nagusia egongo da eta Gorka Urtaran alkateak, Juan Carlos Andueza ONCEko lurralde-ordezkariak, Sergio Fernández Arabako Agentziako zuzendariak eta Teresa Salgado saltzaileak zoriondu egin dute horregatik.
Izan ere, atzoko kipoi horren aurkezpenean, Gasteizko Udaletik azaldu zutenez, Dato kalea erreferentziazko leku bihurtu da hirian, bai bertan bizi diren pertsonentzat, bai bisitatzen dutenentzat, hiriaren erdi-erdian baitago. 1864ko urriaren 15ean zabaldu zuten. Hasieran, geltokiaren kalea izena zuen eta fisonomia aldatuz joan da denboran zehar. Egun, oinezkoentzako kalea da, eta, ondorioz, oso kale bizia da. Merkataritzako eta ostalaritzako establezimendu ugari izateaz gain, etxebizitza-eraikinak eta negozioak ditu. Nabarmentzekoa da kale horretan dagoen Ibiltaria eskultura, duela gutxi hil den Juan Jose Eguizabal artistarena. Brontzezkoa da, hiru metrotik gora ditu eta hiriko ikono bihurtu da. Halaber, nabarmentzekoa da Casto Solanoren Gogoeta eskultura, herritarren artean Toreroa moduan ezaguna, besteak beste. – DNA