Buscar
Vida y estilo

Ondarroako Andrak Erramutan, zeatxik ez?

Ondarroako Andrak Erramutan talde feministak Ondarroa-Donostia-Ondoarroa erronka burutu du

Euskal kostaldean zehar, itsasoa elikagai zein erronka izan da ondoan bizi direnentzat. Ondarroan eta inguruetan, emakumeek funtsezko rola jokatu dute, bai kirolean, bai itsasoari lotutako lanbideetan. Tradizioz itsas mundua gizonekin lotu izan den arren, emakumeak lekua eta ikusgarritasuna irabazten joan dira, oharkabean pasatu ez diren ausardia eta abilarazia erakutsiz.

Duela urte batzuk emakumeek beraienak egin dituzte traineruak. Normala da emakume gazteak traineruetan ikustea, edo itsasoko lanbideetan murgilduta. Hala ere, kostaldeko herrietan, tradizio hori aspaldikoa da, eta, beraz, emakumeen inklusioak zabalagoa izan beharko luke, eta ez bakarrik belaunaldi berriak barne hartu. Ondarroan, adibidez, itsasoa oso gertutik bizi dela ulertzen badugu, adin jakin bateko emakumeek ere ikusgarri izan beharko lukete kirol horretan edo lanbide horietan.

Andrak Erramutan

Aurretik azaltzen genuen inklusio hori aldarrikatzen dute Andrak Erramutan taldeko kideek. Andrak Erramutan Talde Feminista Ondarroan sortu zen 2023an. Egin zuten lehenengo bileran, 62 emakume inguru egon zirela aipatzen du taldeko kidea den Amaia Lasarte Iparragirrek. Taldea 45 urtetik gorako emakumeak biltzeko helburuarekin sortu zen. Partaideek azaltzen duten bezala, “sasoiko emakumeentzat” sortu dute “Andrak Erramutan” proiektua, eta nahiz eta kirola protagonista izan den, denak izan dira ongi etorriak, kirola inoiz egin ez dutenak ere.

37 emakumeak trainerura igo ziren eta haien erronka burutu zuten: Ondarroatik Donostiara eta Donostiatik Ondarroara arraun egitea. Helburua, Lasarte Iparragirrek dioen bezala, “emakumeak behin adin batetik aurrera itsas munduan ere aritu ahal direla ikustaraztea” izan da. Hori ez ezik, kirolean jarri dute fokua: “Kirola ere egin dezakegu gure herrian”.

Aurrekariak

Nahiz eta Ondarroan erronka hau 2024an burutu duten, badira aurrekariak kostaldeko beste herrietan. Esate baterako, Orion. Lasarte Iparragirrek gogoratzen du nola Orioko emakumeak haien herrira hurbildu ziren: “Emakume batzuk batu ginen beraiekin 2018an abiatutako proiektuaren nondik norakoak entzutera”.

Oriotarrek Orio-Bilbo-Orio itsasbidea egin zuten eta Amaia Lasarte Iparragirrek dioen bezala, haien burura galdera bakarra etorri zen: “Ondarrun, zeatxik ez?”.

Ondarrun, zeatxik ez?

“Ondarrun be, andrak erramutan, zeatxik ez?” lelopean, 2024ko uztaileko lehen asteburuan haien erronka nagusiari ekin zioten 45 urtetik gorako 37 emakumeek. Uztailaren 6an trainerura igo ziren 37 emakumeak, eta haien erronka burutu zuten bi egunetan: Ondarroatik Donostiara abiatu ziren, eta Donostiatik, Ondarroara.

Itsasoa emakumeena ere badela aldarrikatu du Andrak Erramutan Talde Feministak

Itsasoa emakumeena ere badela aldarrikatu du Andrak Erramutan Talde Feministak Andrak Erramutan

Kirola ez ezik, itsas lanbideetan emakumeak ere presente egon direla ikustarazi nahi izan dute. Ondarroa-Donostia itsasbidean, geldialdi bat egin zuten Orion. Haien helmugetako bat izan zen kostaldeko herria, eta hor, haien manifestua irakurri zuten: “Orioko emakumeen ideia izan zen eta guk aitortza hori eman nahi genien”. Erronkari ekion ziotenean, Donostiara heldu zen trainerua ez ezik, beste hainbat txalupa eta traineru atera ziren haiekin babesa emateko.

Erronkari egin ziotenean, beste hainbat txalupa eta traineru atera ziren laguntzera.

Erronkari egin ziotenean, beste hainbat txalupa eta traineru atera ziren laguntzera. Klik Klak

“Ondarroatik Mutrikurako bidea, hiru traineruetan egin genuen denok atera ahal izateko”, dio taldeko beste kidea den Naiara Garate Mantzizidorrek. “Traineruak betetzeko, bost pertsona behar genituen, eta partaideen alabak gehitu ziren. Uztailaren 6ko goizean, Mutrikun bi traineru utzi genituen eta bakarrarekin egin genuen erronka”. Traineru bakar horretan, erreleboak planifikatu zituzten, 30 minuturo aldaketak egiteko. “Hala ere, ez genituen pentsatu bezala egin denboraldiagatik”, dio Garate Mantzizidorrek. Haiekin batera, bost txalupa atera ziren babes zerbitzuak eskaini ahal izateko arraunlariei.

37 arraunlari, 38 emakume

Nahiz eta behin eta berriro aipatu duten 37 emakume igo zirela trainerura, ez dute 38. emakumea ahazten. Amaia Lasarte Iparragairrek “lehorreko emakumea” ezizena erabili du emakume honen “beharrezko” lana deskribatzeko.

“Oso garrantzitsua izan da berak bete duen funtzioa”, dio Lasarte Iparragirrek. “Lehorreko emakumea antolaketa lanetan egon da eta asko lagundu izan digu guk arraun egin ahal izateko”. Oriotik gomendio bat jaso zuten Ondarrutarrek: lehorrean haietako bat gelditzea, eta horrela egin zuten. Zuriñe izeneko emakume bat izan zen prest zegoena beraiekin parte hartzeko, baina arraun egiteko ez. Lehorreko rol horretan aurkitu zuen berak bere alea jartzeko aukera. “Berak antolatu du dena, guretzat uztailaren 6a eta 7a zoragarria izan zen bere lanari esker”, dio Lasarte Iparragirrek.

Ahalduntze prozesu gogorra

Bidaiari buruz galdetzean, Naiara Garate Mantzizidorrek dio bidaia ez zela hasi uztailaren 6an, baizik eta 2023ko urrian. Hilabete horretan hasi ziren erronka prestatzen eta momentu horretatik 38 emakumeen bidaia hasi zen. “Gabon ostean medikuarekin eta froga batzuk eginda, seriotasunarekin hasi ginen prestatzen”, dio ondarrutarrak.

Erronka zaila bezala deskribatzen dute partaideek, eta ezberdintzen dute hasierako entrenamenduen eta itsasbideko entrenamenduen artean. Egindako itsasbidea 130 kilometrokoa izan da. 37 emakume horietatik, bi bakarrik ibili izan dira aurretik arraunean, baina beste guztiak ez, eta Naiara Garate Mantzizidorrek dioen bezala, “errespetuz” atera izan dira itsasora.

Aldarrikapenak

Uztailaren 6an Orion irakurri zuten komunikatuan, Ondarroa herriko testuingurua egitea ez ezik, zenbait aldarrikapen, sei zehatzak izateko, bota zituzten Andrak Erramutaneko kideek.

Lehenik eta behin, emakumeek kostaldean egindako ekarpenak bistaratzea eskatzen zuten. Horri lotuta, “egunerokotasunean emakumeek egindako ekarpenak” azpimarratu zituzten eta horien aitortza aldarrikatu zuten. Naiara Garate Mantzizidorrek zehazten zuen bezala, errealitatearen eta memoria kolektiboaren ideiak kontrajartzen dira, itsasoan emakumeak egon badaudelako, baina ez zaie beharrezko aitortza eman. Horren aurrean, Andrak Erramutan taldeak “memoria kolektiboa feminista” eraiki behar dela azpimarratzen zuen.

Aldarri hori ez ezik, desberdintasun eta jarrera matxistak detektatzea eta erantzunak ematea aldarrikatzen zuten. Amaia Lasarte Iparragirrek zehazten duen bezala, gizarte patriarkal batean existitzeagatik, itsasoan ere jarrera matxistak ematen dira. “Kostaldeko emakumeak bultzatzea”, sasoiko emakumeen esperientzia eta jakituria aitortzea, emakumeentzako zaintza gune seguruak sortzea eta kostaldean su feministak piztea ere aldarrikatu zuten uztailaren 6an.

Azken aldarri horrek haien etorkizuneko bidea markatzea nahi dute, eta beste kostaldeko herrietan Orion eta Ondarroan aurrera eraman diren ekimenak ere aurrera eramatea nahi dute.

Itsasoa, androzentrikoa

Naiara Garate Mantzizidorrek dio itsasoa mundua bezain androzentrikoa dela: “Gizarte patriarkal batean bizi gara, eta horren beste adierazgarri bat da itsasoa”. Haiek argitaratutako manifestuan, esan bezala, hainbat aldarrikapen egiten zituzten.

Era laburtu batean, Garate Mantzizidorrek adierazten duen bezala, itsaso eta arrantza mundua gizonekin lotu da, baina horien atzean, beti egon dira emakumeak, eta haien lanketa gabe, etxean eta portuan, sareak konpontzen… Gizonek ezin izango zuten lan hori aurrera eraman. Hori da aldarrikatu nahi izan dutena.

Proiektuaren hasiera

Nahiz eta saiatu diren 37 emakumeen izenak ez aipatzen eta guztiei aitortza ematen, azkenean Mirenen izena atera da, eta berari aitortu diote lehen batzarraren sorrera eta proiektu honen sua piztearen lorpena.

Garate Mantzizidorrek “proiektuaren arima” ezizena erabiltzen du Mireni erreferentzia egiteko. Ekainean bere deia jaio zuen eta irailean bilera bat egin zuten. Prest aurkeztu zen bilera horretan egoteko, Amaia Lasarte Iparragirre bezala.

Garate Mantzizidorren arabera, adierazgarriak dira hiru faktore. Lehenengo bileran, neska batek aipatu zuen ez zituela kirol oinetakorik: “Kirola egiteko zapatilak ez izatetik, proiektu honetan parte hartzera, badago aldaketa sakona”, dio kideak. Garate Mantzizidorrek azpimarratzen duen beste faktore bat kideen aldaketa izan da. Hasierako entrenamenduetan kide asko ez zeuden fisikoki prest, eta azken entrenamenduetan nabaritu dute irabazitako indarra, ezagutza eta konfiantza.

Aldi berean, taldean hiru profil mota ezberdin identifikatu dituzte. “Profila emakumea izatea da”, dio Garate Mantzizidorrek. Hala ere, emakume horien artean, bazeuden talde feministan aritutakoak, kirol munduan aritutakoak, eta bi arlo horietan aritutakoak. Horrela banatu dute taldea Andrak Erramutan taldeko kideek.

“Arraunak harrapatzen zaitu, eta emakumeak gure artean ere elkartu gara, eta jarraitu nahi dugu”, dio Garate Mantzizidorrek. “Momentuz ez dakigu nola, baina jarraituko dugu”. Erronka handiena jada burutu dute, sua piztu dute itsasoan, etorkizunean bizirik mantendu nahi duten sua.

2024-08-25T07:00:14+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo