Gipuzkoa

“Ondo bizi garenok erantzukizun izugarria dugu ondo pasatzen ez dutenekiko”

40 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoako Odol Emaileen elkartean boluntario gisa lanean. Izan ere, besteei laguntzea da ‘Izpizu’ gehien asebetetzen duena
Luis Arregi, “Izpizu”

“Izpizu” ezizenez ezaguna den azkoitiar hau hamaika saltsatan ibili da beti. Gaztetan, Ikas Kirol eskolaz kanpoko taldearen sorrera bultzatu zuen, gaur egun martxan jarraitzen duena. Geroago, Azkoitiko zaharren egoitzaren eraberritzean oso modu aktiboan hartu zuen parte, eta 1983. urtean, berriz, Gipuzkoako Odol Emaileen elkartean sartu zen, non boluntario gisa jarraitzen duen. 65 urterekin erretiroa hartu bazuen ere, ez zion lan egiteari utzi Luis Arregik. Izan ere, argi zuen besteei laguntzen inbertituko zuela bere denbora. Hitza bete du, eta ondo bete, gainera. Musutruk egindako lan handia eskertzeko hainbat omenaldi egin dizkiote, baina pertsona umila izanik, Luis Arregik ez du uste aitortza berezirik behar duenik, gainerakoek kontrakoa uste badute ere.

Nor da Luis Arregi?

–Duela 75 urte jaio nintzen Azkoitiko baserri batean, familia handi baten barruan. 13 urte bete arte eskolan ibili nintzen eta gero baserrian egon nintzen lanean, 17 urterekin herriko lantegi batean hasi nintzen arte. Bertan lanean egon nintzen, jubilatu arte. Nire bizitza lan eginez eta saltsa dezentetan sartuta eman dut.

Zein saltsatan ibilia zara?

–24 urterekin, gaztetasunak ematen duen errebeldia puntu horrekin zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan eta Kimu aisialdi taldea sortu genuen. Ibilaldiak, zineforumak, hitzaldiak... Era askotako jarduerak antolatzen genituen. Ezkondu eta seme-alabak jaio ondoren, ikastolako guraso elkartean sartu nintzen eta horren baitan eskolaz kanpokoen taldea sortu genuen: Ikas Kirol taldea, oraindik ere martxan dagoena. Bitartean, zaharren egoitza berritu behar zela eta, herriko zenbait lagun elkartu ginen obrarekin laguntzeko. Garai hartan ez zegoen dirulaguntzarik ez ezer. Oso urte ederrak izan ziren.

Odol emaileen elkartekoa oso lan polita izan da, baina neketsua ere bai; erreleboa eskatu dudan arren, momentuz jarraitzen dut

40 urte baino gehiago darama-tzazu Gipuzkoako Odol Emaileen elkartean. 

–1983. urtean sartu nintzen eta geroztik bertan nabil. Hasieran 12 lagun ginen, baina gaur egun bi bakarrik gelditzen gara. Oso lan polita izan da, lagun asko egin ditut bertan. Baina neketsua ere bada, izan ere ateraldi asko egiten ditugu. Erreleboa eskatu dut, baina momentuz han jarraitzen dut. 

Musutruk egindako lanarengatik hainbat omenaldi jaso dituzu...

–Konbentzituta nago ondo bizi garenok erantzukizun izugarria dugula ondo pasatzen ez dutenekiko. Besteei laguntzen, hortxe ikusten dut nire burua eta ez dut uste errekonozimendurik behar dudanik. 2015ean, adibidez, Azkoitiko festetan txupinazoa botatzea proposatu zidaten eta “nik, zergatik?”, pentsatu nuen. Jende asko dago besteei laguntzen. 

Laguntzeaz aparte, zerk ematen dizu poza?

–Gauza askok ematen didate poza. Familia ederra daukat eta haiek hazten ikustea, haien gora-beherak gertutik bizitzea, horrek ematen dit poza. Bestalde, Azkoitia herri txikia da eta pozgarria da kalera irten eta jendearekin elkartzea. Ia denak ezagunak gara, elkarri kasu egiten diogu, hori dauka ona herri txiki batean bizitzeak.

13/03/2023