Datorren bi ikasturteetan zehar Open Data Bilbao Bizkaia izeneko ekimena jarriko dute abian Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Proiektu hau 2022ko irailean jarri zen abian, noiz ere Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileek, irakasleek eta ikasleek osatutako lan-talde bat eratu baitzen. Orain, gune propioa izango du San Mamesen, unibertsitate-eskolaren egoitzan. Ekimen honek Bizkaiko bi erakunde horien datu irekien erabilera garatuko ditu, horrela biek ematen dituzten zerbitzu publikoak hobetzeko eta arazo sozialei konponbide ematen lagunduko duen ezagutza berria sortzeko.
Alde horretatik, bada, Bilbao Bizkaia Open Data Ikasgela ikasleentzat nahiz unibertsitate irakasle eta ikertzaileentzat izango, eta, beraren bidez, ezagutza berria eta ekimenak eragingo dira, informazio publikoa berrerabiltzeko eta gizarteak informazio hori eraginkortasunez balia dezan laguntzeko.
Hala, bada, ikasgela honetan, foru- eta udal-zerbitzuak hobetuko dituzten datu irekiak berrerabiltzeko proiektuak garatzeaz gain, datuak agertzeko moduak ere sortuko dira, unibertsitate-komunitateak informazio irekia tratatzeko proposatutako ekimenak baliatuz, zeinaren helburua izango baita herritarren ongizatea hobetzea. Beste lan arlo bat izango da formazio-ekimenak abian jartzea, unibertsitate-komunitatearen trebetasun digitalak hobetzen lagunduko dutenak.
Bilbao Bizkaia Open Ikasgelaren jarduteko modua EHUk dagoeneko abian dituen hamabi enpresa-ikasgelenaren antzekoa izango da. Enpresa-ikasgela horiek Ingeniaritza Eskolaren barruko laborategi-ikasgelak dira, eta enpresek eta erakundeek sortu eta finantzatu zituzten, I + G + b jarduerak sustatzeko. Alde horretatik, bada, tresna eraginkorra dira Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Sailen eta enpresa-sarearen arteko elkarlanerako, dela ikerkuntzarekin zerikusia duten jardueretarako, garapen teknologikorako eta berrikuntzarako, dela formazioarekin zerikusia duen guztirako, nahiz etorkizuneko ingeniarien formazioa, nahiz enpresetako langileen birziklatzearekin eta etengabeko formazioarekin zerikusia duten jarduerak. Hamabi gela horiez gain Euskal Herriko Unibertsitateak beste hogei gela gehiago ditu beste fakultate eta eskola batzuetan.