Buscar
Gipuzkoa

Oposizioak Zumarragako osoko bilkura utzi du

EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragako zinegotziek alkatearen hitzak iraingarritzat jo dituzte
Oposizioko zinegotziak, aretotik alde egiten. | ARGAZKIA: A.Z.
Oposizioko zinegotziak, aretotik alde egiten. | ARGAZKIA: A.Z.

Oposizioko zinegotzi guztiek Zumarragako udaletxetik alde egin dute osoko bilkura amaitu aurretik, Mikel Serrano alkatearen hitzak iraingarritzat jota. Alkatea ur zerbitzuari buruz hitz egiten ari zen.

Osoko bilkura asteartean egin zuten. Gai zerrendaren zortzigarren puntua ur zerbitzuaren ingurukoa zen. Mikel Serrano alkateak zerbitzuari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion Lucia Okariz idazkariari eta osoko bilkuran txostena gainontzeko zinegotziei banatu zien. Ondoren, idazkariari txostena irakurtzeko eskatu zion. Txostenean idazkariak Zumarragan ur zerbitzua publikoa dela dio, besteak beste.

Ondoren, alkateak hitza hartu zuen eta EH Bilduk, Elkarrekin Zumarragak eta Onura Publikoa plataformak uraren gaiaren inguruan egindako lana gogor kritikatu zuen.

Josu Aztiria EH Bilduko bozeramaileak erantzuteko asmoa azaldu zuen, baina alkateak amaitzera zihoanean esan zituen hitzak oposizioa sutu zuten eta EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragako zinegotziek osoko bilkura utzi zuten. “Capiol enpresari pleguak egitearen truke 30.000 euro ordaindu geniola esan zenuen eta 16.000 euro ordaindu genion. Ondoren, hori txikikeria dela esan zenuen. Zure lanean halakorik ez egitea espero dut”, esan zion alkateak Aztiriari. Honek bere bizitza pribatuan sartzea leporatu zion eta berak eta oposizioko gainon-tzeko zinegotziek aretoa utzi zuten.

Alkateak hitz egiten jarraitu zuen. “Arlo publikoan halakoa bada, ez dut pentsatu ere egin nahi pribatuan nolakoa izango den. Gaur gertatu dena aurreikus zitekeen. Publikoa den gai baten inguruan iraindu nauten bakoi-tzean alde egin banu…”, amaitu zuen.

2023-03-19T03:57:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo