Cultura

"Orain kolorea beste mundu bat da, guztiz irekia eta aukera anitzak ematen dizkidanak"

Errepresentaziotik figuratibora, zuri-beltzetik kolorera… trantsizioan dagoen pintorea da Jon Amorrortu. Berriki 'Gris Bilbao' erakusketa izan du BASE galerian, kaleko eta udaleko artisten lanen harremanari buruzkoa
Amorrortuk Bilboko Errekalde auzoan du estudioa. Argazkian, pintzela eskuan duela.

Jon Amorrortuk (Bilbo, 1990) Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, Madrilera joan zen gero, arte sorkuntza eta ikerketa ikastera, eta Pintura Masterra egin berri du. Erakusketa kolektibo ugariren ondoren, azken biak propioak ditu: 'Gris Bilbao' eta 'Un huracán vino a verme'. Bere ibilbide artistikoaz, jarduteko moduez eta erreferenteez aritu da.

Pintore gisa, nola definitzen duzu zure burua?

Orain aldaketa prozesu batean nago. 9 urtez egon naiz zuri-beltzean pintatzen, baina duela bi urte EHUko Pintura Masterra egin nuen eta hor heldu zitzaidan kolorea. Niretzako kristoren aldaketa izan da. Beti egin dut pintura figuratiboa eta orain apurka-apurka figurak apurtzen ari naiz. Ibilbidean nagoela esango nuke.

Zer aurkitu duzu etapa honetan kolorean lehen ez zintuena erakartzen?

Unibertsitate garaian bai pintatzen nuen kolorez, baina Holandara joan nintzen Erasmus programarekin eta zuri-beltzean pintatzeko materiala baino ez nuen eraman. Oroitzapenak eta memoria landu nituen, zuri-beltzarekin estutasunean arreta jarriz. Orain kolorea beste mundu bat da, guztiz irekia eta aukera anitzak ematen dizkidana.

Eta zergatik jo duzu abstrakziora?

Jada ez zaidalako erreferentea horrenbeste inporta. Nik naturaletik pintatzen dut eta hor aldaketak ikusten ditut. Aldaketa horiek gauzak apurtzeko aukera ematen didate. Joera horri jarraituz, nire metodologia akatsak egitea eta sorpresak aurkitzea da.

Zein da zure sormen prozesua?

Naturako elementuak pintatzen ditut modeloetatik abiatuta edo kalean egin ditudan argazkietatik abiatuta. Orain giza figurarekin ari naiz. Estudioan argazkiak atera ditut eta erreferentziatik aldentzen saiatzen naiz, pinturaren elkarrizketan egoteko. Uste dut hori adierazgarria dela nire pinturan.

Zer pintatzen duzu batez ere?

Loreak eta bodegoiak asko pintatu izan ditut eta orain giza figurarekin nabil. Normalean kontrolatzen ez ditudan kontuetan sartzen naiz. Iaz berdeak landu nituen, eta orain figurak entrenatu nahi ditut. Askotan gauzak proiektuka landu ditut eta ideia hori ez zait gustatzen. Gaitik aldendu nahi dut, ez dadila izan hori bultzatzen nauena, dena osotasun bat baizik.

Eta zer motako lanak?

Koadernotik hasten naiz gauzak lantzen. Horrela, erreferentzia apurtzen dut eta horrekin jolasten dut. Bozetotik tamaina txikietara joaten naiz, batzuk hor geratzen dira eta beste batzuk handiagora doaz. Handiena 2x2 metroko pieza bat izan da, Irala 29 izenekoa, eta orain Salamancan saritu dute.

Pieza modularrak ere egiten dituzu, eskuz. Zer lotura dute zure lanek artisautzarekin?

Naturalki etorri da. Telan, kotoian eta lihoan pintatu izan dut baina askoz gertuago egiten zait egurra. Eskuz egiten ditut mihiseak. Prozesuaren etapa guztietan presente egotea gustatzen zait. Erronka ere bada.

Erresidentziarik egin duzu?

Duela bi urte Segoviako erresidentzia ezagun bat egin nuen, paisaiari buruzkoa. Bartzelonako Konventen aukeratu ninduten baina diru-tza zenez ez nintzen joan. Orain, abenduan, Nautilusera noa, Lanzarotera, hilabeterako.

Zer landuko duzu bertan?

Ziurrenik paisaia, hango paisaia ikusgarria dela diote. Proiektu barik noa, orain pintura baino ez dut lantzen, pintura pinturagatik, eta ikusi nahi dut Lanzaroten zer gertatzen den.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Klasikoen artean Joaquin Sorolla beti dago presente, Michael Borremans eta estatu mailan Pablo Merchante. Orain topatu dut neska ingeles bat, Euan Uglow, eta bere gauzak ikusten nabil denbora guztia, baina Jhon Singer Sargent eta Justin Mortimer ere baditut bueltaka.

Zure azken erakusketara joko dugu, 'Gris Bilbao'. Zer kontatzen duzu bertan?

Bilbotarra izanda, beti fijatu naiz kaleko artisten eta udaleko pintoreen arteko elkarrizketa bat dagoela hormetan. Batek bere kontuak pintatzen ditu eta besteak aginduta estaltzen ditu. Hor kolore jokoak sortzen dira eta erregistratzen hasi nintzen. Erakusketarako pieza bertikal handi bat egin nuen. Istorio horrekin hiru pieza egin nituen: bata kaleko protagonista baten erretratu bat da, bestea pintatzerakoan zoruan geratzen diren mantxak eta hirugarrena oso abstraktua da, paretaren testurak lortzeko. Hori da gaiari fidelen zaion atala. Gero estudiora ekarri nuen eta estaltze horrekin jolasean hasi nintzen koadroei atal bat kentzen eta puzzle baten antzera pieza bat bestearen barruan sartzen.

Lumbreras galerian ere egon zara udan, 'Un huracán vino a verme' erakusketarekin.

Bilboko galeriak 'Jóven llama jóven' programa dauka eta bertan aukeratu ninduten. Urte osoko lana izan zen, gairik gabe. Hortik dator orain egingo dudan erresidentzia. 

Pintore izateko aukera nahikoak daude Bilbon?

Bizkaian oso testuinguru oparoa dago. Pintore guztiok elkar ezagutzen dugu, badaude elkartzeko espazioak, erakusketak, sariak, bekak, diru-laguntzak, BilboArte...

Zerk hobetu lezake egoera?

Gure lana erakusteko aukerak behar ditugu. Hau lana da eta horretatik bizi nahi dugu; prekarietatetik ateratzeko laguntzak behar ditugu.

Etiquetas
02/12/2022