Gipuzkoa

Ordizia | Abian da LazkaoTxiki XXX. bertsopaper lehiaketa

Lazkao Txiki. Argazkia: N.G.

OrdiziaArgi-Berri elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin, Lazkao Txiki XXX. bertsopaper lehiaketa antolatu du. Ekimenaren helburua gorakadan dagoen bertsolaritzaren mundua bultzatzea, sustatzea, sendotzea eta laguntzea da.

Bertsopaper lehiaketa hiru mailatan banatuta dago: gaztetxoen maila, 13 urte artekoentzat; gazteen maila, 14-18 urte artekoentzat; eta helduen maila, 2002an edo aurretik jaiotakoentzat.

Maila bakoitzak bere araudiak eta baldintzak ditu. Batetik, gaztetxoenean, parte-hartzaile bakoitzak nahi bezain beste bertsopaper bidali ditzake, ordea, bakoitzeko gutxienez bi eta gehienez lau bertso idatzi beharko dira. Gazteen eta helduen mailari dagokionez, nahi adina bertso bidaltzeaz ez ezik, idatzi beharreko gutxiengo bertsoak zortzi izango dira eta gehiengoa hamabi. Bestetik, txikienek neurri eta doinua aukeratu ahalko dute. Ez, ostera, gaia. Nik ere asko maite zaitut gaia landu beharko dute. Gainontzeko mailetan, gaia, doinua eta neurria bezala, bakoitzaren aukerakoa izango da.

Lanak 2021ko uztailaren 1a baino lehen bidali beharko dira Argi-Berri Elkarteko egoitzara edota aitor-c@aek.eus e-postara.

Baldintzak

Bertsoak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabekoak izan behar dute. Lanak bidaltzerakoan originala eta lau kopia bidaliko dira. Lanak izenordez sinatuko dira eta bigarren gutun batean beste datu guztiak bidaliko dira: izen-abizenak, besteak beste.

Horretaz gain, bertsoak ordenagailuz idatziak egon beharko dira eta bertso bakoitzari orden-zenbakia jarriko zaio.

Antolatzaileek ere, bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztea eskatzen dute. Azkenik, e-mailez bidaltzekotan, mezu berean alde batetik bertsoak eta bestetik egilearen datuak zehaztuko dira.

Sariak

Bertso sorta onenek saria lortuko dute. Epaimahaia batek erabakiko du zein diren hoberenak.

Gaztetxoetan lehen sariarengaik 200 euro banatuko dira, bigarren sariarengatik 100 euro, eta hirugarren sariarengatik 50 euro. Gazteen mailan, lehen saria lortzen duenak 300 euro eramango ditu, bigarrenak 200 euro, eta hirugarren sariak 100 euro. Helduek, bestalde, 500 euro, 400 euro, eta 300 euro lortu ahal izango dituzte, hurrenez hurren.

Sari-banaketa 2021eko irailaren 2an egingo da Ordiziako Euskal Jaiekin batera.

Bertsopaper lehiaketa hiru mailatan banatuko da, adinaren arabera: gaztetxoak, gazteak eta helduak

19/06/2021