Ordizia
2022ko Santa Ana jaiei hasiera emateko atezara kontaketa hasi dute ordiziarrek. Uztailaren 24an botako da txupinazoa udaletxeko balkoitik. “Hiru urte itxaron behar izan ditugu, baina hemen datoz, azkenean, gure herriko festak”, adierazi du Ordiziako alkatea den Adur Ezenarrok.
Aurtengo jaiak berdintasuna izango dute oinarri. Izan ere, festetako berrikuntza nagusienetakoa Santanazaleetan emango dena izango da: 1509. urtetik, lehenengo aldiz, soka-dantzan bikote arteko rolen banaketa ez da generoaren baitan egongo. “Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera, eta ez gizonezkoak automatikoki. Biak ordiziarrak diren kasuetan eurek erabakiko dute, edo biei aplikatuko zaizkie plazan dantza egiteko baldintzak. Rolak aukeratu egingo dira, baina emakumeak ez dira balkoian geratzera behartuak izango. Soka-dantzako gainerako rolak ere, aurresku, atzesku, maiordomoak etab. genero bereizketarik gabe aukeratuko dira”, azaldu du Ezenarrok.
Bestalde, 2019ko jaietako berrikuntzei jarraipena emango zaie. Uztailaren 16an, 10.00etan, 2021ean jaiotako haurrei ongietorria eman eta festetako zapi urdina jarriko zaie.
Matutinari dagokionez, aurten irteera Aita Urdanetatik egingo da, hau da, Tximista paretik.
Alkateak jai askeak bizitzeko deia egin du: “Ordiziako komunitatean kolore guztiak dira ongietorriak eta ez dugu inolaz ere inolako erasorik onartuko, jaiak errespetuz bizi nahi ditugulako”.