Azken urteotan “sekulako” urratsak eman dituzte Lea-Artibai eskualdean hondakin organikoen birziklapenaren alorrean. “Bizkaia mailan hondakin organiko gehien birziklatzen duten eskualdea” dela nabarmendu dute. Baieztapen hau konfirmatzeko iazkoan jasotako zenbakietara jotzea baino ez dago: herrialde osoko batazbesteko organikoaren bilketa tasa gainontzeko hondakinekiko %2,8a den bitartean, “Lea-Artibain %10,35a da”. Ez da nolanahiko datua. Baina aurrera pauso gehiago eman nahi dituzte, izan ere “orain arte lortutako emaitzak hobetzeko tartea” badago Lea-Artibaiko Amankomunazgoko arduradunentzat. Eta horretarako Konpost txapeldunak deritzon kanpaina jarri du martxan udalerrien erakundeak, “erronka kolektiboaren bitartez hondakin organikoen birziklapenean aurrerapausuak ematea” helburu izango duen egitasmoa.
Azaldu dutenaen arabera, “kontuan izanik 2020 urtean 1.005 tona organiko batu genuela eta 2022an aldiz 863ra jaitsi garela, 2023-24 urteetan 2020ko datuak berreskuratzea izango litzateke gure erronkaren helburua”. Datuak gora eta behera, aurtengoan urtean “organikoaren bilketa %10a handitzea” izango da jomuga nagusia. “Hori bai, kanpainari jarraipena emateko eta 2020 datuak lortzeko, 2024an ere beste %5a handitzea izango da Lea-Artibaiko biztanleon erronka”, Amankomunazgotik zehaztu dutenaren erabera.
“Hondakin organiko kopurua handitzeaz gain”, berriki abiarazitako kanpaina honek “kalitatezko konposta sortzeko aholkuak ematea izango du ardatz”. Bada, Kompost txapeldunak izenburupeko kanpainak alde pedagogikoa izango du, “non #PraktikaOnenGida-ren bitartez herritarrei zalantza ugari argituko zaizkien”. Bestalde, “euskarri digital nagusi gisa, web orrialde bat garatu da, www.konpost-txapeldunak.eus” helbidean, “eta hemen, zenbatzaile baten bitartez, birziklatutako hondakin organiko kopurua eguneratuko da bi astetik behin”, azaldu dute.
Sare Sozialak
Gainera, Lea-Artibaiko Amakomunazgoko zortzu herrietan –Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar, zehazki– kokatutako hondakin organikoen edukiontzi marroietan “QR-dun biniloak itsatsi dira web orrira erabiltzaileak bideratzeko helburuarekin”. Horrez gain, sare sozialak ere jorratuko dituzte, abian jarritako kanpainak bizilagunen artean zabalkunderik handiena izan dezan. “Horrez gain, Facebook eta Instagram-eko kontuak sortu dira, @konposttxapeldunak erabiltzaile-izenarekin, herritarrek kalitatezko konposta egiteko beharrezko aholkuak jaso ditzaten eta, era berean, gaiarekiko sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin”.