Gipuzkoa

Orio kultur agenda: kulturak herria egiten duelako

Mutiozabal kanpoaldean aurkeztu dute udazkeneko kultur egitaraua.

Oriok euskera oinarri duen udazkeneko agenda prestatu du eta, beste batzuen artean, nøgen eta izaro izango dira bertan

euskal kultura balorean jar-tzea izan da Orioren lan lerroetako bat. Udan programazio "potentea" aurkeztu zuten: 14.000 pertsona baino gehiagok zirkuaz disfrutatzekoa aukera izan dute, Kalakan, Eñaut Elorrieta eta Bulego taldea pasa dira oholtzatik, besteak beste.

Udazkenak ere ekarriko du bere aldetik, "euskera oinarrian duten kultur egitaraua eskaintzen jarraituko baitute". Hala adierazi zuten Anuska Esnal Orioko alkateak eta Xabi Ibarguren kultur zinegotziak atzo, Mutiozabal kanpoaldean aurkeztu zuten udazkeneko kultur agendaren agerraldian. Hitzorduaren lekua azpimarratu zuen Esnalek: "Testuingurua kontuan har-tzen badugu, gure kulturaren hiru zutabe ditugu bertan: Mutiozabal ontziola, atzean errioa eta itsason-tziak. Hemen ikusten da herriak jakin zuela berrasmatzen egoerak ez zuenean laguntzen; ontziola bat egiten asmatu zuten eta guk ere hori jarri nahi dugu balorean. Pandemia etorri denean gure lehentasunak balorean jarri ditugu, kulturaren aldeko apustua egiten, bai kulturak behar gaitulako noski, baina batez ere guk kultura behar dugulako", azaldu zuen.

Urria eta azaroa bitartean bederatzi kultur jarduera antolatuko dira, publiko desberdinentzat eta alor desberdinetakoak: musika-emanaldiak, antzerkiak, ipuin-kontalariak, erakusketak, bakarrizketak... Ekitaldiak, oro har, Karela kiroldegian, Arraunetxean eta kultur etxean izango dira.

Datorren ostiralean ekingo diote kultur jarduerei. Txomin Artolak kantaldia eskainiko du, 19.00etan, Arraunetxen (sarrera 2 euro). Agendari jarraipena, Izarok emango dio, hilaren 24an, 19.00etan, Karela kiroldegian (sarrera 10 euro); ondoren, hilaren 29an, Bost Minutuan Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaiaren antzezlana izango da Arraunetxean, 19.00etan (sarrera 10 euro). Azaroan, Miriam Mendoza ipuin-kontalariak irekiko du hilabetea. Kultur etxeko areto nagusian emango du saioa, azaroaren 8an, 17.30etik hasita. Era berean, azaroaren 8tik 19ra, Iosu Garairen argazki erakusketa jarriko dute kultur etxeko areto nagusian. Azaroaren 12an, Ahalduntze eskolaren partetik, Erradikalak ginen bertso eta bakarrizketa saioaren txanda iritsiko da, 19.00etan, Arraunetxen (sarrera 5 euro). Azaroaren 20an, Nøgen taldea taularatuko da Orion, 19.00etan, Kiroldegian (sarrera 10 euro). Bukatzeko, azaroaren 23an, Ines Bengoa ipuin-kontalariak itxiko du agenda. 17.30ean du hitzordua, kultur etxeko areto nagusian.

Gonbidapenak edota sarrerak emanaldi bakoitza baino astebete lehenago jarriko dira jendearen eskura kultur etxean.

zarautz Zarautzen kulturak ere ez du atsedenaldirik. Urrian sartu eta udazkenaren etorrerarekin Zarauzko Gazteria departamentuak Udazkenak ere gazte! egitasmoa aurkeztu berri du. Horren baitan, urriaren 15erako bi ekitaldi antolatu dira. Lehena, 18.00etan, haur eta nerabeentzako Free Style Bike Show ikuskizuna izango da Aritzbataldeko frontoian, non bertara gerturatzen direnek bizikletan egindako salto eta akrobaziak ikusteko aukera izango duten. Jarraian, gaueko 22.00etan, Nøgen musika taldeak kontzertua eskainiko du Lizardi Aretoan. Bi ekitaldi hauetarako gonbidapenak Modelo Aretoko txarteldegian eskuratu ahal izango dira gaurtik aurrera, 9.00etatik 12.00etara.

Etiquetas
10/10/2021