orio – Orioko Oribarzar hondartza itxita egongo da udako denboraldi osoan, hala erabaki du Udalak. Azaldu dutenez, bertan ezin da bermatu erabiltzaileen segurtasuna. Izan ere, Oribarzarko hondartza ez dago bainurako baimendutako Gipuzkoako hondartzen artean, uraren kalitatea txarra delako. Horregatik, ez dago sorosle zerbitzurik.
Osasun krisiaren testuingurua izan da erabakia hartzera bultzatu dieten beste faktoreetako bat. Udalaren ustez, Gipuzkoako jende askok du Oribarzar hondartzara joateko ohitura, aforoa kontrolatzeko sistemarik ez dagoelako. Horrek, ordea, jende pilaketak eta egoera arriskutsuak sortu ditzazke.
Horrez gain, ondotik pasatzen den errepidea "oso egoera txarrean dago eta arriskua dago zati batzuk hondartza gainera erortzeko". Hori dela eta, Udalak hesitu egin du ingurua eta arriskuaz ohartzen duten seinaleak ere jarri berri ditu, besteak beste.
AFOROAREN KONTROLA ANTILLAN Bestalde, Antilla hondartzako aforoa kontrolatzeko kamera biometrikoak erabiliko dira. Udalak seinaleak jarri ditu hondartzaren sarreretan, semaforoa zein koloretan dagoen adierazteko.