Gipuzkoa

Orio | Gogoeta prozesua ireki da euskara plana egiteko

Prozesua ahalik eta zabalena izatea nahi dute. Argazkia: A.Z.

orio – "Oriotarrok gure buruari galdetuko diogu ea zer nahi dugun, euskararen alorrean, datozen 10 urteotan, eta ea zer egingo dugun hori lortzeko", azaldu dute Udaletik. Izan ere, Oriok euskara plana egin nahi du datozen hamar urteetarako, eta gogoeta prozesu bat abiatu du plan horren edukia lantzeko herritarrekin batera. 

Gogoeta prozesua ahalik eta zabalena egin nahi du Udaleko Euskara Batzordeak eta, horretarako, lau lantalde osatuko ditu, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Alor bakoitzeko herriko eragileak zuzenean gonbidatuko ditu lantaldeetara, baina irekiak izango dira. Hau da, edozeinek parte hartzeko aukera izango du. Lantalde bakoi-tzak hiru bilera egingo ditu, hilabete honetan hasi eta urtarrilean bukatuko den prozesuaren barruan.

Hala, lehen bileran, egoeraren diagnostiko konpartitua egiteko balioko du. Zehazki, ahulguneak eta indarguneak identifikatuko dira. Bigarren bileran, berriz, diagnostikoa azalduko da, hamar urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatzeko. Bukatzeko, hirugarren eta azken bileran lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztuko da, besteak beste.

Horrez gain, azken bilera ireki bat izango da, herritarrei egindako lanaren berri emateko eta ekarpen gehiago jasotzeko.

lehen bilera, bihar Kiroleko lantaldea izango da abiatuko den lehena. Bihar bertan bilduko dira eta kirol alorrean euskarak dituen ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko eta diagnostiko konpartitua egiteko izango da. Hitzordua Salatxo aretoan jarri dute, 18.30etik aurrera. Hala, herriko kirol elkarte eta eragile guztiak gonbidatu ditu Udalak bileran parte har-tzera eta beren ekarpenak egitera.

Beste lantaldeetako bilerak ez dituzte finkatu oraindik, baina iragarri dutenez denboraz pasako dute abisua ahalik eta herritar gehien gerturatu daitezen.

19/10/2021