Buscar
Gipuzkoa

Ormaiztegiko trenzubia: 160 urte dituen historia

Ormaiztegiko trenzubiak bere inaugurazioaren urteurrena betetzen du gaur
Ormaiztegiko trenzubia
Ormaiztegiko trenzubia: 160 urte dituen historia
Escuchar
00:27

1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zen Ormaiztegiko trenzubia, Madril eta Paris lotzen zituen iparraldeko trenbidea bertatik igarotzen zen eta mende bat baino gehiego egon zen funtzionamenduan. Gipuzkoako ondare materialaren adibide argia bada ere, askok ez dakite zer nolako garrantzia izan duen Euskadiko historian zubiak ezta sorkuntzaren atzean dauden uste okerrak ere. Horrexegatik, urtean zehar eta, bereziki, urteurrena dela eta, Zumalakarregi Museoak trenzubira bisita gidatuak eskainiko ditu.

Onda Vascan museoko artxiboko arduradunarekin hitz egin dugu, Mikel Alberdirekin, eta trenzubiaren gaineko hainbat datu eskaini ditu. Lehenik eta behin argitu du ez dela Gustave Eiffelek egindako zubia, "urteetan Eiffelen lana zela pentsatu zen, baina urteek ez dute ematen eta Eiffel, zubia sortu zenean, oraindik oso gaztea zen, horrenbestez, lana haren irakaslea izan zenarena da Alexander Lavalley ingeniariarena, alegia". Baina, hori ez da trenzubiak duen bitxikeria bakarra, hain zuzen ere, Suezeko Kanala egin zuten ingeniari berdinek egin baitzuten Ormaiztegiko trenzubia.

Trenzubiaren kronologia

Eraikuntzaren ezaugarri teknikoetaz haratago, azpimarratzekoa da mende eta erdi honetan zehar bizitako pasarteak.

Zubi hau 1864. urtean inauguratu zenetik, Madril eta Paris tren bidez lotu ziren eta Euskal Herriko eta Espainiako historiaren nondik-norakoak aldatu zituzten. Balio estrategiko ikaragarria izanik, azaltzen zigun Alberdik, gerretan, bereziki, kaltetua izan da trenzubia.

Bigarren Karlistadan 1872-1876.

XX. mendeko lehen herenean, Zeraingo eta Mutiloako meatzaritza enpresek biltegiratze eta igortzeko instalazioak egin zituzten. Lointzi bailarako magaletan malda ordenatuan mantentzen dira, Madril-Irun, Norteko ferrokarrilarekin lotuz. Hortik, Pasaiako portura eta handik Europako altzairu lantegietara eramanez. Egun, 4 km-ko bide berdea bihurtutako meatzaritza-trenbidea nabarmentzen da.

Bake garaiek hobekuntza ekarri zuten eta 1912.urtean bide bikoitzarekin osatu zuten, ostera, 1928an, elektrifikazioa etorri zen.

1936ko Gerra Zibilean.

Bergarako Labe Garaietako langileek zubia sopletez moztu zuten, tropa frankisten etorrera galarazteko. Hurrengo egunean iritsi ziren frankistak, eta zubiaren ondoan dagoen hilerriko hormaren kontra fusilatu zituzten zubiaren mozketan parte hartu zuten hiru errepublikazale. Trenzubia berreraikitzeko lanak egin zituzten orduan eta egun ezagutzen diren hormigoizko zutabeak ezarri ziren 1937an, egitura indartzeko.

1941. urtean zubiaren estetika zeharo aldatu zen, trafikoaren igoerak hormigoi armatuzko egitura hutsez egindako lau zutabe gehiago txertatzea behartu baitzuen eta zutabe originalekin txandatu zituzten, orduko trenbideek eskatzen zuten segurtasun eskakizunak bete zitezen. Baina segurtasun eskaerak haundituz ahala, zerbitzutik kanpo geratu zen trenzubia 1995. urtean. Ordutik aurrera, zaharragandik, gehienez ere, 18 metrora eraikitako trenzubi berri batetik desbideratu zen trafikoa eta orain, gaur 160 urte betetzen dituen trenzubi historikoa ondarearen parte da eta, azpitik, bisitatu daiteke Zumalakarregi Museoaren eskutik.

Bisita egin nahi dutenek 943 889 900 telefonora deitu dezakete edo mezu bat bidali.

2024-08-14T06:43:01+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo