Buscar
Cultura

Osagai pikanteekin sortutako emanaldia

‘Kabareta Truá’ ikuskizuna aurkeztu du Ondarroako Beikozini aretoak: umore, musika eta erotismoz jositako ekoizpena, afari edo bazkari eder batekin lagunduta. Martxoaren 4 eta 5ean eskainiko dituzte hurrengo emanaldiak
Lau orduko emanaldia eskainiko dute, tartean otordua eta antzezlana.
Lau orduko emanaldia eskainiko dute, tartean otordua eta antzezlana.

Iazko neguan aurkeztu zuen Ondarroako Beikozinik bere hirugarren ekoizpena: Kabareta Truá, Inés Uriarte eta Paco Hernandoren zuzendaritzapean. “Umorez eta erotismoz jositako ikuskizun pikante eta politikoki okerra” dela azaldu dute antolatzaileek, eta ikuskizuna guztiz berria ere badela. Izan ere, aurretik sortutako Kabareta eta Kabareta Txu emanaldien formatua mantendu bada ere, ez da bi horien jarraipena, errepikapena edota moldaketa. Hortaz, aurten sortutakoak eskainiko dituen bakarrizketak, koreografiak, antzezlana… erabat ezberdinak direla dio Fede Badiola aktore ondarroarrak.

Inés Uriarte dantzariak eta Ana Elordi eta Fede Badiola aktoreen desio batetik jaio zen Beikozini aretoak ekoiztutako Kabareta, herrian eta herriarentzako proiektu on bat sortu nahi baitzuten. Izenak berak dioenez, ondoren etorri zen Kabareta Txu, eta hirugarrena da 2022an sortu duten Kabareta Truá.

Ez da ohiko emanaldia, izan ere, lau orduko ikuskizunak, antzezlanaz gain, bazkari edo afaria ere barne hartzen. Horrela azaldu du Badiolak: “Gorka Urresti sukaldariak prestatutako menua pare bat ordutan bazkaldu edo afaldu, eta ostean hasten da ordu eta erdiko espektakulu pikante eta bizia”.

Ondarroako aktoreak zein artista gonbidatuak dira ‘Kabareta Truá’ ikuskizunaren protagonistak.

Ondarroako aktoreak zein artista gonbidatuak dira ‘Kabareta Truá’ ikuskizunaren protagonistak. KLIK-KLAK

Umorea, musika, erotismoa eta gaurkotasuneko gaiak tartekatzen ditu ikuskizunak, Iñigo Zabalak idatzitako gidoiarekin. Aurreko bi ekoizpenetan bezala, oraingoak ere diziplina anitz uztartzen ditu: antzerkia, dantza, bakarrizketak, musika, akrobaziak, Pole Dancea… Ondarroan sortu eta herrian “tradizio” bihurtu den arren, barre egin nahi duen pertsona orori zuzenduta dagoela dio Badiolak: “Herri askotatik etortzen da jendea. Ondarroan eta euskaraz sortutako ikuskizuna da, baina ez dago publiko jakin eta zehatz bati zuzenduta”. Diziplina horiek uztartu eta horri guztiari forma emateko, herriko hainbat artistez gain, bertoko eta nazioarteko proiekzioa duten beste artista batzuk ere igo ditu Beikozini aretoak oholtza gainera.

Herriko zein kanpoko artistak

Hainbat belaunalditako artistek osatu dute aurtengo taldea. Emanaldi honetan zehar, aktore lanetan arituko dira Ortzi Acosta (Cirque Du Soleil), Lady Pitula eta Tavi Gallart aurtengo artista gonbidatuak, Ondarroako Fede Badiola, Ana Elordi eta Nahia Iparragirrerekin batera. Dantzari lanetan izango dira, bestalde, Nerea Ansola, Naia Mandia, Igor Baroja eta Enetz Ximeno ondarroarrak. Badiolak kontatu duenez, udazkenean hasi ziren entsegu eta prestakuntza lanetan, eta pare bat hilabete luzatu ziren, azkenik, abenduan aurkeztu zuten emanaldia jendaurrean.

Talde teknikoari dagokionez, Angel Amorrek egin du jantzien diseinua (Disneyren Maléfica filmeko diseinu-taldean lan egindako esperientzia handiko profesionala) eta Nahia Arrasate eta Inés Uriartek hartu dute koreografiaren ardura. Azken hau, zuzendaritza lanetan ere aritu da, Paco Hernandezekin batera. Esan bezala, Iñigo Zabalak idatzi du gidoia, Aitor Urkiola dabil eszenografia eta bideo lanetan, Alberto Markuerkiaga audio eta bideoan, Borja Ruiz argiztapenean eta Jose Urrejola soinu-espazioan. Guzti horien artean osatutako taldeak egin du posible ikuskizun honen garapen osoa.

'Kabareta Truá' ez da 'Kabareta' eta 'Kabareta Txu' emanaldien jarraikapena, errepikapena edota moldaketa.

'Kabareta Truá' ez da 'Kabareta' eta 'Kabareta Txu' emanaldien jarraikapena, errepikapena edota moldaketa. KLIK-KLAK

Antolatzaileak pozik azaldu dira egindako lanarekin, “kalitate handiko” ikuskizuna sortu dutela azaldu baitu Badiolak: “Ikustera etorri diren askok esan digute ez zutela horrelako emanaldi bat espero, eta asko errepikatu digute listoiak gora egin duela hirugarren ekoizpen honetan. Pozik gaude, ikusleak pozik ateratzen direlako aretotik”.

Dibertitzeko aukera paregabea

Kalitatezko espektakulua eskaintzea da Kabareta Truá sortu duen taldearen helburuetako bat. “Profesionalak gara, eta profesional moduan gure lana ahalik eta ondoen egin nahi dugu, emanaldia ikustera datorrenari kalitatea eskainiz”, azaldu du Badiolak. Dena den, ikusleek momentu atsegin eta dibertigarria pasatzea da euren helburu nagusia: “Barre egitea eta eginaraztea”. Horrez gain, aurreko edizioetako zifrak errepikatu edo gainditu nahi ditu Beikozinik, izan ere, 4.000 pertsona gerturatu ziren lehenengo bi ekoizpenak ikustera.

Dagoeneko, bederatzi emanaldi egin ditu Kabareta Truá ikuskizunak, abendua, urtarrila eta otsaila bitartean. Martxoaren 4an (larunbata) eta 5ean (igandea) eskainiko dituzte hurrengoak, lehenengoa afalorduan (21:30etik 01:30era) eta bigarrena eguerdian (14:30etik 18:30era). Ekitaldi “pikante eta bizi” hau ikusi nahi duenak Beikozini aretoaren webgunean aurkituko du sarrerak erosteko bidea. Agortuko balira, data berriak iragarriko dituztela aurreratu dute antolatzaileek.

2023-02-28T17:00:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo