Araba

Osakidetzak martxan jarri du emakumeentzako umetoki-lepoko minbiziaren aurkako programa

Umetoki-lepoko minbiziaren populazio-baheketa egiteko Osakidetzaren programak parte hartzera gonbidatzen du osasun-zentroko emagin-kontsultara joanez
Umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko programaren kartela

Osakidetzak martxan jarri du berriro emakumeentzako umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa.

Umetoki-lepoko minbiziaren populazio-baheketa egiteko Osakidetzaren programak parte hartzera gonbidatzen du osasun-zentroko emagin-kontsultara joanez. Proba sinple baten bidez, minbizi aurreko lesioak detekta daitezke umetoki-lepoko (zerbixeko) minbizia garatu aurretik. "Egiaztatuta dago programa hauek eraginkorrak direla, hainbat herrialdetan modu egokian eta sistematikoan aplikatu izanak ekarri duelako minbizi honen intzidentzia eta heriotza-tasa % 70-80 jaistea", adierazi dute Osakidetzatik.

Baheketa-proba, normalean, emaginak egiten du, eta zailtasunik gabe jasan daiteke. Proba erraz honek ez du minik sortzen eta ez du prestaketarik eskatzen. Umetoki-lepoa estaltzen duten zelulen lagin bat hartzean datza. Espekulu baten laguntzarekin (zerbixa behatzeko baginan sartzen den gailua), umetoki-lepoa ikusten da eta lagina hartzen da.

Lagin honekin, herritarren adin-taldearen araberako azterketak egingo dira: 25-34 urteko emakumeak, umetoki-lepoko zelulak mikroskopio baten bidez aztertuko dira (zerbix-baginako zitologia) eta 35-65 urte bitarteko emakumeek giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko proba egingo dute.

"Alde horren arrazoia da 35 urtetik behera hain ohikoa dela giza papilomaren birusak eragindako infekzioa, ezen horrek ez baitigula uzten zehazten zer pazientek duten umetoki-lepoan lesio bat izateko arrisku handiagoa edo txikiagoa. Zitologia eta GPB proba mundu osoko umetoki-lepoko minbiziaren prebentzio-programetan erabiltzen dira", gaineratu dute.

Azkenik, emaitza negatibo batek iraupen mugatua du. Horregatik, komeni da baheketa-proba aldian-aldian egitea. Emaitza oso arrisku txikikoa bada, zitologia 3 urtean behin errepikatzea gomendatzen da, eta giza papilomaren birusaren proba 5 urtean behin.

19/02/2023