Buscar
Cultura

"Oso amaiera polita iruditzen zait nire koadroentzat beste baten etxean bukatzea"

"Erakusketa sentsoriala, begiekin bizi daitekeena" jarri du ikusgai Natalia Suarez margolari gasteiztarrak BilboArten. Olio-pinturak eta marrazkiak bildu ditu bertan
Erakusketa sentsoriala ondu du Natalia Suarezek.
Erakusketa sentsoriala ondu du Natalia Suarezek.

Bere lanen aukeraketa bat egin behar izan du Natalia Suárez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994) artistak BilboArteren Urazurrutia aretoan jarri duen 'Jade' erakusketarako. Azken urtean egindakoak dira bertan bildu dituen gehienak, eta horien artean badu faboritoren bat edo beste; gehienbat, sortzeko momentuan bertan deskubrimendu izan zirelako beretzat. Aukeratutako lan horiek guztiek badute giro bat komunean, mundu bat, artista gaztearen ustez. Erakusgai jarritako horiekin zein bere estudioan gordeta dituen beste hamaika lanekin katalogo bat sortu du, zeinetan Maddi Martiarenak egindako poesia bat ere bildu duen. Urriaren 14ra arte bisita daiteke gasteiztarraren erakusketa BilboArten.

Natalia, zer da parean daukaguna? Zer jaso duzu 'Jade' erakusketan?

Erakusketa honetan azken urtean egindako pinturetatik gehienak bildu ditut. Olio-pinturak dira horietako asko, mihisean zein paperean egindakoak. Horiez gain, baina, tintaz egindako marrazki batzuk ere badaude. Denbora gutxian egindako lan sorta bat da, beraz, nabaritzen da lanak beraien artean oso harremanduta daudela.

Denbora gutxian sortzeko, inspirazio asko izan duzu?

Inspirazioarena baino, praktika kontua da gehiago. Lan denboraldi biziagoak eta azkarragoak egoten dira, eta, egia da, azken urtean asko margotu dudala, denbora tarte kontzentratuan.

Lan handiagoak eta txikiagoak ikusten ditugu. Tamainaren arabera, denbora gehiago behar izaten da?

Zaila da denborarena kalkulatzea. Batetik, saio ezberdinetan margotzen ditudalako koadroak; adibidez, koadro batekin has naiteke eta hilabeteetan geldirik eduki, eta, horren ostean berriz hartu eta bi astetan bukatu. Orokorrean, lan handiagoek denbora gehiago eskatzen dute, baina hemen dauden triptikoak (130 x 100 cm neurtzen dute), esaterako, asko margotu ostean sortu nituen; alegia, praktika handia nuen ordurako, eskua oso berotuta neukan, eta nahiko erraz atera zitzaizkidan. Hirurak egiten, beharbada, hilabete eman nuen, eta denbora hori nahiko tarte txikia da, kontuan hartuta beste batzuekin askoz denbora luzeagoan egoten naizela. 

Argazkian, Natalia Suarez artista gasteiztarra 'Jade' erakusketako artelan batekin.

Argazkian, Natalia Suarez artista gasteiztarra 'Jade' erakusketako artelan batekin. Oskar Gonzalez

Zein izaten da lan hauek egiteko prozesua?

Bat-batean egiten dut nik lan, inolako zirriborrorik edo irudirik gabe. Beraz, uste dut nire prozesua esperimentazioan oinarritzen dela; material, forma eta koloreekin esperimentatzen. Oso intuitiboa izaten da: mihisea betetzen hasten naiz, kolore eta forma ezberdinekin, interesatzen zaidan zerbait aurkitu arte. Interesatzen zaidana normalean izaten da harritzen nauen hori; olioak dauzkan aukera horiek guztiak esploratzen saiatzen naiz beti, gauza berriak topatzen. Zaila izaten da ordura arte margotu ez dudan bezala margotzen saiatzea, baina hori lortzea izaten da helburua. Eta hala eginez agertzen dira irudiak.

Pintzela hartu, eta berak eramaten zaituen lekura eramaten uztea al da, ala gehiago da zuk nahita pentsatuta daukazun hori margotzea?

Nik uste dut tarteko puntu bat dela. Buruarekin jokatu eta ideia zehatz batekin lan egiten badut, ez zaizkit lanak oso ondo ateratzen, baina, modu berean, eskua libre uztea ere desfase bat izan daiteke; hortaz, esango nuke bitarteko zerbait dela, bien arteko oreka bat lortzea. Hala ere, hemen ikusten den irudi bat ere ez dut nire buruan irudikatu, haiek joan dira beraien kabuz eraikitzen.

Norbere artelan baten emaitzarekin gustura geratzeko, aurretik zenbat uzten dira bukatu gabe?

Artelan bat bukatzerakoan, beti buelta ematen diot, eta orduan jakiten dut hurrengo lanerako zer egin nahi ez dudan. Lehen, hasten nituen guztiak bukatzen nituen, agian, nire burua behartzen nuelako hori egitera. Baina, orain, lan gehiago uzten ditut bukatu gabe, orban asko ditut hortik, sarritan, beranduago berriz hartu eta bukatzen ditudanak, edo ez. Ez naiz egoten denbora osoan margotzen; adibidez, erakusketa honetan jaso ditudan artelanak sortu ondoren, atsedena hartu dut. Laster bueltatuko naiz berriz margotzera, baina ez dakit noiz. Hasierak beti zailenak izaten dira, eta orduan uzten ditut lan asko bukatzeke, bidean. Eta gero heltzen diet berriz. 

Noiz gozatzen duzu gehiago, margotzen zauden bitartean, behin artelana bukatuta ikusten duzunean edo erakusgai jartzen duzunean?

Hiru egoeretan gozatzen dut, eta baita sufritu ere, zenbaitetan. Olioak berak badauka sentsoriala den alde hori, oso gozagarria. Materialak berak ematen dizu hori, beraz, margotzerakoan oso atsegina bihur daiteke momentu hori. Baina, egia da, koadro bat bukatzerakoan asebeteta sentitzen zarela, momentu bat da zeinetan irudia bukatuta ikusten duzun eta esaten duzun: orain bai. Beharbada, momentu hori da gehien gozatzen dudana. Norbere lanak erakustea, aldiz, ezberdina da, gerora datorren gauza bat da, alde soziala. Polita izan daiteke, nahiz eta batzuetan oso urduri jartzen nauen.

Argazkian, 'Jade' erakusketako artelan bat.

Argazkian, 'Jade' erakusketako artelan bat. Oskar Gonzalez

Artelan koloretsuak ikusten ditugu hemen. Egunaren edo norbere gogo-aldartearen araberakoa izaten da kolore aukeraketa hori?

Kolorearena uste dut praktikak berak dakarren zerbait dela, alegia, ez dudala nik erabakitzen. Batzuetan kolore batzuetara jotzen dut, eta beste batzuetan, aldiz, beste batzuetara. Oraingoan, kolore gorri, berde eta arrosekin jolastu naiz. Aldarteak, beharbada, eragin gehiago izaten du artelanaren tamainan; gogo gehiagoz banago, margotu dezaket lan handiago bat, eta gogo gutxiagorekin banago, berriz, txikiago batera jotzen dut.

Erakusketari zergatik deitu diozu 'Jade'?

'Jade' berde koloreko harribitxi bat da. Nire aurreko lanetan gutxi erabiltzen nuen berde kolorea, eta oraingoan erabiltzearen aldeko hautua egin dut, beraz, agerian dagoen harreman horregatik jarri diot, batetik, izen hori erakusketari. Bestetik, ez nion gehitu nahi beste geruzarik erakusketari, ez nion beste esanahirik eman nahi. Jade hitz laburra da, ez du gehiegi esaten, eta, aldiz, hemen dagoen informazio guztiari eman nahi nion merezi duen espazioa. 

Erakusketak bai, baina artelanek beraiek izenbururik ez dute. Ez dago horren beharrik?

Areto batean erakusketa bat jartzeak eraldaketa bat egitea dakar, eta eraldaketa horretan, izenburuaren txarteltxoa jarriz gero, agian, horrek har dezake lanek baino garrantzia handiagoa, eta horrek ez dauka niretzat zentzurik. Uste dut koadroek beraiek badutela informazio nahikoa. Gainera, ez naiz inoiz eroso sentitu lanei izenburuak jartzen, ez dakit oso ongi nola moldatu horretan. 

Artelan bat edo beste bat gustatzeko, ulertu egin behar dira?

Nik printzipioz ezetz esango nuke. Obra hauek, zehazki, ez dira batere kontzeptualak, ez daukate esanahi edo diskurtsorik atzean. Erakusketa hau sentsoriala dela esango nuke, begiarekin bizi daitekeena. Koadro hauek ikusten dituenak ikusiko du ea gustatzen zaizkion ala ez, kutunen bat duen ala ez.

Eta norbaitek zure lanen bat gustuko izan, eta erosiko balu, pena emango lizuke zure aldamenetik kentzeak?

Beti ematen du pena apur bat norbaitek norbere lana erosten duenean, baina, modu berean, polita da. Azken finean, koadro pila bat ditut nik, eta gehienek biltegi batean bukatzen dute; beraz, oso amaiera polita iruditzen zait nire koadroentzat beste baten etxean bukatzea. Badakit ondo zainduta egongo direla, eta etxe baten berotasunean, gainera. 

Argazkian, Natalia Suarez artista gasteiztarra 'Jade' erakusketako artelanekin. Hilaren 18ra arte daude ikusgai BilboArten.

Argazkian, Natalia Suarez artista gasteiztarra 'Jade' erakusketako artelanekin. Hilaren 18ra arte daude ikusgai BilboArten. Oskar Gonzalez

Zergatik margotzen duzu zuk Natalia?

Gozatzeko aukera ematen didan zerbait delako. Gainera, ez zait agortzen gozatzen jarraitzeko gogo hori. Ordu asko ematen ditut honetan, eta ez naiz aspertzera iritsi, beraz, bada hor zerbait erakartzen nauena. Eta hala jarraitzea espero dut; nire burua ikusten dut urteetan hau esploratzen. 

Artelan askotan gizakiaren irudi edo isla agertzen da. Gizakiok al gara zure inspirazio?

Duela gutxi hasi naiz gizakien buruak sartzen nire lanetan. Lehen, forma abstraktuagoak margotzen nituen, paisaiak ziruditenak, baina irudi argirik biltzen ez zutenak. Nik uste dut horretaz aspertu nintzela, eta espazio horiek ekiditen saiatu nintzela, figuren, animalien eta abarren bitartez. Azkenaldian, giza anatomia era sintetikoan irudikatzearekin gozatzen ari naiz. Gustatzen zait marra huts batekin nola irudikatu daitekeen gizakiaren burua, adibidez, eta horrek nolako presentzia daukan koadro baten, izaera hartzen baitu artelanak. Gorputzekin zera gertatzen zait, ez dakidala hasiera batean nola marraztu behar diren; beraz, askotan, nire gorputzean edo beste norbaitenean jartzen dut begia. Gustuko dut aurrean daukagunari arreta jartzea. Hala ere, margotzen jarraitu ahal izateko aitzakiak bilatzen ditut beti; beraz, giza figurez ere aspertuko naiz momenturen batean, eta bilatuko dut beste zerbait. 

Ez daukazu inspirazioa edo irudimena galduko ote duzun beldurrik?

Ez daukat horren beldurrik, ez. Aukerak infinituak dira, beraz, ez naiz irudimena galduko dudan beldur. Egon daitezke blokeo garaiak, eta hori naturala eta beharrezkoa da, baina uste dut gogoak beti etor daitezkeela.

2022-10-12T17:33:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo