Buscar
Navarra

Ostatu turistikoen antolaketa arautzeko bidean da Baztango Udala

Azterketa eta hausnarketetan oinarrituz 100 biztanleko 35 ohe turistikoren muga proposatu du
Turisten etorrera handia izaten da Baztanen, batez ere oporraldi garaian.
Turisten etorrera handia izaten da Baztanen, batez ere oporraldi garaian.

Azken urte hauetan zenbait azterlan egin ditu Baztango Udalak turismoari dagokionez, egoera zein den jakiteko eta etorkizunera begira eman beharreko pausuak hausnartzeko bidean. Horien artean, nabarmentzekoak dira Erratzuko antolaketaren ingurukoa, Amaiur eta Baztango turistaren profilari buruzkoa, Ostatu Turistikoen Azterketa, eta egin berri duena, “Ostatu turistikoen antolaketarako arau multzoaren idazketa”. Azterketa hau, Felipe Saragueta Aholkultaritzak, Rehabite Aholkularitza Teknikoak eta Ikertalde lantzen ari dira, Baztango Turismo eta Merkataritza zinegotziarekin batera.

Azken urteetan landu den alojamendu turistikoen arauketarako proposamenaren emaitza aurkeztu zuten pasa den astean Elizondon.

Luze eta zabal solastatu ziren gaiaren inguruan, eta egindako lan sakonaren hainbat adierazle nabarmendu ziren. Erraterako, Baztanek, turismora bideratutako ohatze kopurua aipatu zen, gaur egun 2.497 ohatze turistiko ditu Baztanek. Azken urteetan esponentzialki hazi da kopurua. Nolabaiteko muga jarri nahi zaio horri, eta horren harira, 100 biztanleko ohatze turistikoen zenbat plaza onartuko diren erabakitzeko Espainiako erkidegoen banaz bertzeko kopuruak hartu dira erreferentziatzat. Arautegi proposamenak aipatzen du jasangarrritasun muga 100 biztanleko 35 plazatan jarri dela, hazkunderako tarte bat uzteko baina Espainiar estatuko zonalde turistiko masifikatuenen kopurutik beheiti gelditzeko. Nafarroako erkidegoko maila, gaur den egunean, 100 biztanleko 10 plazakoa da. Baztango kasuan, 100 biztanleko 32 ohatze turistiko daude.

Baztanen dagoen etxebizitza arazoa dago, eta jende aunitzek zailtasunak ditu etxebizitza bat eskuratzeko eta batez ere alokatzeko, izan ere, turismora bideratzen dira aunitz, bertze aunitz hutsak daude, edo bigarren etxebizitzak dira. Kontabilizatu egin dira, Baztango etxebizitza parke osoa kontuan hartuta, etxebizitza ez printzipalaren, hau da, bizitzeko erabiltzen diren etxebizitzen kopurua ezagutzeko. Nafarroako banaz bertzekoa %30 inguruan dago, Baztanen altuagoa da.

Turismo ohatzeei dagokienean, dentsitatea ere kontuan hartu da azterlanean, kilometro karratuko plaza turistiko kopurua kalkulatuz eta horren inguruko hausnarketa bulkatuz.

Dena den, egindako azterketak aunitzez ere datu gehiago ematen ditu. Baztan.eus webgunean eskuragarri dago, arautegi proposamenarekin batera. Proposamena aurkeztu ondotik, Baztango Udalak herritarraren ekarpenak eta galderak jasotzeko aukera eman du eta jasotako galdera eta ekarpenak kontuan hartuta, abenduan, arauketa dokumentu bat idatziko da, eta hortik aitzinera Baztango Udaleko osoko bilkurak onartu beharko du, eta prozedura administratiboa plan berezi baten bitartez eginen litzateke, legeak ezartzen dituen alegazio epeak eta gainerakoak kontuan hartuz.

2022-12-07T10:33:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo