Ostegun honetan Aste Nagusiko Adinekoen Eguna ospatu da Bilbon, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) 400 erabiltzaileren parte-hartzearekin. Horretarako, Udalak hainbat jarduera prestatu ditu, hala nola zirku saio bat, La Casilla Pabilioiko ohiko bazkaria bilbainada eta dantzagarriz alaitua... Amaiera gisa, nahi duenak Arriaga Antzokira joateko zozketa batean izena eman dezake, La Jaula de las Locasen obra ikustera eta zezenetara.
Aste Nagusiko Adinekoen Eguna goizez zirkuko saio batekin hasi da, eta eguerdian, berriz, aurten ere bilbainadekin eta dantzaldiekin girotuta egon den bazkari tradizional batez gozatu dute adinekoek La Casilla Pabilioian. Zozketa baten bidez, halaber, Arriaga Antzokira «La Jaula de las Locas» obra ikustera eta zezenketetara joateko aukera ere izan dute.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Juan Ibarretxe eta Iñigo Zubizarreta Gizarte Ekintzako zinegotziekin eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotziarekin batera, La Casillara bertaratu da uriko pertsona helduenak agurtzera eta horiekin hitz egitera. Aburtok nabarmendu duenez, gaurko eguna "oso berezia da, adinekoei lagun egiten diegulako eta jaiez beste adineko batzuekin gozatzeko aukera ematen diegulako".
"Ekimen honekin, BILBO, ADEITSU ADINEKOEKIN ekimenaren esparruan, aisialdirako eta gozamenerako guneak sortzen ditugu, eta, aldi berean, gehien behar duten pertsonak –hots, nahi ez badute ere bakarrik daudenak– egoera berean dauden beste pertsona batzuekin harremanetan jar daitezen sustatzen diegu, harreman- eta adiskidetasun-sareak sor ditzaten, berdinekin une gehiago parteka ditzaten, hain zuzen", gaineratu du. Azkenik, Aburtok hau gogorarazi du: "adineko pertsonek gure gizarteak dituen aktibo handienetako bat osatzen dute, eta uriko gune eta esparruetan, jaietan eta kulturan eta Aste Nagusian parte har dezatela sustatu behar dugu".
ASTE NAGUSIA ADINEKOENTZAT ERE
Aste Nagusiko jai-egitarauak bereziki adineko pertsonei zuzendutako eskaintza bat biltzen du. Adinez zaharrenen artean gustukoenak izan ohi diren hitzordurik arrakastatsu eta ezagunenetako bat bilbainadak dira; hala, egunero 12:00etan Casilda Iturrizar parkean Los Chimberos, Los 5 Bilbainos, Mapa Mundi eta Gaupasa taldeen emanaldiez gozatzeko aukera dute.
Leku horretan bertan, 23:30ean, guatekeak egiten dira, Aste Nagusiko gauetan adineko pertsonek gehien gozatzen duten beste jai-proposamen bat, honako talde hauekin: Tennessee, Anakoz, Asier Bilbao, Mariachi Elegancia Mexicana, Tributo a María Dolores Pradera, Rock con Ñ, La Carrocería eta Formula V. Asteko egun jakin batzuetan, 21:00etan, DJ Luis Carlos del Pozok hasiko du gaua.