Ostiralean Intxixu, Basandre eta Sorginei harrera egingo diete Oiartzunen. Herritarrak baita ere gogotsu ari dira herriko bazterrak apaintzen, zakuak, kanaberak eta kolorezko zapiak erabiliz.
Ihote taldeak jakitera eman du dagoeneko ostiraletik igandera bitarteko egitaraua.
Egitaraua
Ostiralean 16.45ean Burrunba! ekitaldia burutuko da Ihoteei deia egiteko Beheko plazako biribilgunetik. 18.00etan txokolatada izango da Doneztebe plazan eta 18.30ean herri dantzekin hasiko dira. 19.00etan Azeri dantza eta Sorgin dantza eskainiko dituzte eta urtero lez, 19.30ean Intxixu, Basandre eta Sorginek plaza hartuko dute.
Larunbatean, auzoetan kuestaziyua egongo da poxpolinez jantzita eta 14.30ean auzo bakoitzak bere elkartean bazkaria egingo du. Arratsaldean, 18.00ak aldera, auzoetan ibilitako kuadrillak plazan elkartuko dira, jarraian Ihote berbeneroari hasiera emanez. Ondoren, musika eta festa giroa Kataxuloko txosna inguruan egongo da.
Amaitzeko, igandean, 9.00etan diana izango da txistulariekin; 11.00etan Beheko plazatik karroxa eta kalejira alaia aterako dira eta eguerdi partean, plazan, dantza gidatuak ikasteko saioa izango da. Iluntzean, 19.00etan, datorren urtera arte Intxixu, Basandre eta Sorginak agurtuko dituzte eta bukatzeko, suzko akerra aterako da.
Berreskuratutako jaia
Ihote festak 1989. urtean, Ugaldetxo Kultur Taldeko kideek berreskuratu zituzten herriko auzoetan barrena, herriko zaharrenei galdetuta, egindako hausnarketa bati esker.
Aditzera eman dutenez, ostiraletik igandera, Doneztebe plaza inguruak jendez beteta ibiliko dira, horregatik Udalak hainbat neurri hartu ditu mugikortasuna errazteko.
Xorrola
Honenbestez, larunbat gauean, Xorrolak, herri barruko autobusak, zerbitzu berezia eskainiko du, herritarrak gauean autoa beharrik gabe etxera itzul daitezen.
Autobusak herriko zortzi auzoak lotuko ditu orduero, 22.00tik 6.00etara. Ibilbidea Manuel Lekuona bibliotekaren ondoko autobus geltokitik abiatuko da eta xanistebanetako gauetan egiten duen ohiko ibilbidea jarraituko du, lehenik herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joanez.
Geldialdiak
Geldialdiak puntu hauetan egingo ditu: Elizalde (irteera), biblioteka ondoko geltokia; Gurutze, Bizardia plazako autobus geltokia; Ergoien, Tornola kaleko autobus geltokia; Altzibar, Zokoloko zubia; Karrika, plazako autobus geltokia; Iturriotz: Beko soro pareko autobus geltokia; Ibarre, gasolindegiko geltokia; Elizalde, Pikabeneko geltokia; Ugaldetxo, Intxixu pareko autobus geltokia; Arragua, Lartzabal etxadiko geltokia eta Mendin, frontoi gaineko geltokia.
Aparkalekua
Aditzera eman dutenez, ostiral eta igande arratsaldeetan pilatuko da jende gehien plazan. Hortaz, Udalak herritarrei gomendatu die ahal dela oinez edo garraio publikoa erabiliz bertaratzeko.
Kotxea erabili behar dutenentzat, ohiko aparkalekuak ez ezik, Elizalde eskolako eremua baita ere egongo da erabilgarri ostiral arratsaldetik igande gauera. Hori dela eta, kotxeak ez uzteko errepide eta espaloietan eskatu dute.