Bizkaia

Otsailean hasten da urteko aste berezienerako atzera kontua

Konpartsek lan izugarria dute aurretik ekintza, emanaldi eta kontzertuak antolatzeko
Konpartsek lan izugarria dute Aste Nagusia heldu baino lehen, ekintza, emanaldi eta kontzertu ezberdinak antolatzeko. | ARGAZKIA: M. GOIKOETXEA

Bilboko Konpartsak bueltan izango dira beste behin bi urteren ostean. Aste Nagusira jaigiroa, musika, tailerrak eta ikuskizunak ekarriko dituztelarik berriz ere. Abuztuaren 20tik hasita, Bilboko Areatzak eta Pio Baroja kaleak jendez bilduko dituzte aste oso batez, egunez eta baita gauez ere. Bilbotarrek eta kanpotik etorritakoek jaiak buru belarri bizi ahalko dituzte bertara gerturatzean. Azpimarratzekoa da, egun horietaz gozatu ahal izateko, konpartsek aurretik egiten duten lan handia, hilabete askotako prestaketa lanak izaten baitituzte dena antolatzeko.

Pedro Prietok, Moskotarrak konpartsako kideak eta sortzaileetako batek, azaldu duenez, 200 pertsona dira plantillan eta martxotik daramatzate, gutxi gorabehera, prestaketa lan guztiekin. Haren hitzetan, konpartsak “ekintza ugari” prestatuta ditu jaietarako. "Otsailean hasi ginen pentsatzen zein ekintza prestatu. Horretarako, denok elkartu ginen eta bilerak egin genituen gure lonjan” azaldu du Pietrok.

Gainera, Moskotarrak konpartsak belaunaldien arteko erreleboa du, urtetik urtera jende gazteagoa sartzen baita, hauek bestelako ekintzak egitea erabakitzen dituztelarik. “Ideia berriak ekartzen dituzte eta horiei ere konpartsaren esentziaren berri eman behar zaie”, dio Pietrok. Azken finean, konpartsa 1978an sortu zen eta sartzen diren gazteei honen baloreak azaldu behar zaizkie.

Baloreen artean, konpartsa “oso aktiboa” dutela azpimarratzen du Pietrok. Izan ere, haren esanetan urtean zehar “hainbat ekintza” egiten dituzte ere, ez soilik Aste Nagusian. Gainera, azaldu duenez, hainbat batzordeetan dago banatuta konpartsa: azpiegituran, kulturan eta administrazion.

Beste urte batez Gogorregi konpartsak Pio Baroja plazan izango du ere bere lekua. Kasu honetan, Aitzol Olabarrik, haren presidenteak, azaldu duenez, 35 urte betetzen ditu aurten konpartsak: “Horrek puntu gehigarri bat ematen digula uste dut” dio Aitzolek, eta “pozarren” dago bi urteren ondoren haien lekua berreskuratu dutelako Aste Nagusian. Gainera, konpartsara gerturatzen diren pertsonek hainbat DJ emanaldi ezberdinetaz gozatu ahal izango dute festek irauten duten egun bakoitzean. Haien artean, Dj Kul, DJ Imanol, DJ Lea, DJ Ibai Sanchez eta DJ Markelin egongo dira, besteak beste. Hauek ekarri ahal izateko lan “handia” egon zen atzetik: telefono deiak, bilerak etab. “Ekintzak antolatzen dituzten pertsonekin harremanetan jarri gara, eta baita kontzertuak antolatzen dituen enpresa batekin ere. Beraien eskutik ekintza guztiak antolatzen joan gara” azaldu du Olabarrik.

Pinpilinpauxa konpartsa bueltan izango da berriz ere adierazpen sexualeko askatasuna lelopean. Haren presidenteak, Javi Donostiak, aditzera eman duenez, Aste Santuan hasi ziren prestaketa lanekin. Konpartsa honek kontzertuak izango ditu nagusi haren programazioan, egun bakoitzean artista ezberdin bat ekarriko duelarik.

LANA, GUZTIONTZAT

Presidenteak adierazi duenez, maiatzak-ekaina bitarte hasi ziren artisten aukeraketa egiten. Aurten besteak beste, Melody, WRS, Leticia Sabater eta Raúl izango dituzte. Donostiak dioenez, programazio-batzorde txiki bat dute konpartsan, zein kontzertu eta ekitaldi egongo diren erabakitzen duena. Gainera, adierazi duenez, adin ezberdinetako langileak dituzte Pinpilinpauxan, 20 eta 70 urte bitartekoak, guztira 140 kide direla. Aste Nagusian ikusten dena, aurretik eurek egindako lan guztiaren emaitza da. “Konpartsan lan handia dago: hornitzaileekin harremanetan jarri, hauekin negoziatu, txosna muntatu, desmuntatu, garbitu, musika jarri, barran egon, upelak aldatu, Bilboko Konpartsen bileretara joan... Lana dago kide bakoitzarentzat, baita gehiagorentzat ere” dio.

Etiquetas
13/08/2022