Etxepare sariketaren XVI. edizioko irabazle izandako Iban Illarramendiren eta Eider Perezen Kiratsa albuma plazaratu berri du Pamiela argitaletxeak. 35 lanen artean aukeratu zuen lana haurrentzako album ilustratuak argitaratzea helburu duen sariketaren epaimahaiak.
Egileek atzo ospatutako aurkezpenean argitu moduan, Ñimi kukusoaren abenturak ditu ardatz liburuak, eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen du: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.
Epaimahaiaren aburuz, testua “album baterako ezin hobekia” da. “Laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak —hainbat oihar-tzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak— eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak”.
Horretaz gain, testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa “goi mailakoa” dela ere azpimarratu dute epamahaikideek. “Esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena”.
Egileak
Iban Illarramendi Echabe (1973, Zarautz) ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da. Argitaletxeen eta publizitatearen munduan egiten du lan batez ere. Eider Perez Adeletx (1995, Pasaia Trintxerpe) idazlea da. Hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen uberan literatur webgunean, Oarsoaldeko hitzan eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian kolaboratu du, besteak beste.
2023ko Etxepare sariketako deialdia, urte hasieran
Sariketaren antolatzaileen aditzera eman dutenez, datorren urte hasieran iragarriko dira Etxepareren edizio berriko baldintzak. Hala ere, aurreratu duten bezala, aurreko edizioetako baldintza bertsuak mantenduko dira. Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sari honetara, eta bakarka ezin idazle eta ilustratzaile banak osatutako taldean parte hartu ahal izanen da. Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak. Egileek, bestalde, nahi beste lan aurkez ditzakete.