Vida y estilo

‘Paris Police 1900’, Belle Époque-ren aurpegirik ilunena

Serie honen kontakizunak zuzenean dihardu solasetan orainarekin l XIX. mende amaierako Parisko errealitate zurrunbilotsuan inspiratua
Cosmon estreinatuko den ‘Paris Police 1900’ serieko irudi bat. | ARGAZKIA: COSMO

Donostia – Irailaren 8an, 22.00etan estreinatuko du Cosmok primizian Paris Police 1900 telesaila, Belle Époque garaiko aurpegi ilun eta errealenari buruzko drama kriminal txundigarria. XIX. mendearen amaierako Parisko errealitate zurrunbilotsuan oinarrituta eta Dreyfus kasu ospetsua oinarrian duela, polizia-sail honek gure orainarekin zuzenean hitz egiten duen kontakizun asaldagarria eraikitzen du: demokraziaren aldeko borroka, diskurtso nazionalista eta xenofoboen gorakadak, emakumeen ahalduntzea eta komunikabideen eragina.

Cosmotik diotenez, “1899an hilketak, xantaiak, istiluak eta konspirazioak gertatu ziren Argiaren Hirian”. Eskuin muturrak, talde antisemitek eta indarrean zegoen anarkiak setiatuta, “Frantzia ez zen sekula horren egoera ahulean egon”. Testuinguru horretan, Frantziako presidente Felix Faure bere maitalearen besoetan hiltzeak, astindu latza eman zion Hirugarren Errepublikari. Neska gazte baten gorputz-enborra Senan flotatzen duen maleta batean aurkitzearekin hasten da Paris Police 1900. Antoine Jouin detektibe gazteak (Jérémie Laheurte) hartuko du kasuaren ardura, baina ikerketak ustekabeko inplikazioak dituen konplota ekarriko du argitara.

Bere ikerketa lanean hainbat pertsonaiarekin gurutzatuko da Jouin: Parisen ordena berrezar-tzeko asmoz erretiroa utzi berri duen Louis Lepine poliziaburuarekin (Marc Barbék antzeztua); Meg Steinheilekin (Evelyne Brochu), harreman sexualak izan ondoren bihotzekoak jota presidentea hiltzeaz akusatutako gortesaua; Joseph Fiersi (Thibaut Evrard), xantaia egiteko ohitura duen polizia ustela, eta poliziaren sikariotzat ere jardun ohi duen; Frantziako epaitegietan abokatu lanean jardundako lehen emakumea, Jeanne Chauvin (Eugenie Derouand); baita Jules Guerin ere (Hubert Delattre), nazionalisten artean pertsonaia ezaguna eta judutarren aurkako egunkariaren zuzendaria.

Fabien Nury, eleberri grafikoen egile ospetsua dugu (Soy legión, Érase una vez en Francia) Paris Police 1900en sortzaile, gidoilari eta ekoizlea, baita azken atalaren zuzendaria ere. Bera Stalinen Heriotza izeneko komikia, Armando Ianuccik (Veep) moldatu zuen izen bereko filmean, boterearen satira barregarri biribilduz.

Paris Police 1900en ekoizpenean, oso talde entzutetsu eta saritua du kameren atzealdean: Julian Despaux (Zona blanca, Profilage: profil Kriminalak) eta Frédéric Balekdjian (Papa ou Maman, Engrenages: Spiral) zuzendariak, Emmanuel Daucé ekoizlea (Vernon Subutex, El mundo en llamas), Anaïs Romand jantzi-diseinatzailea (Holy Motors, Saint Laurent), eta ekoizpenaren diseinuan Pierre Queffelean (Siete años en el Tibet, Nos vemos arriba). Lehen denboraldirako 16 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta azpimarratu dutenez, Canal Plus eta Studiocanalen ekoizpen honek “izugarrizko arrakasta izan du kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik Frantzian bertan, baita mugaz kanpo ere”. Frantzian, batez beste sei milioi ikuslek ikusi zituzten telesailaren zortzi atalak. Erresuma Batuan, berriz, BBCk eskaini zuen telesaila. Bigarren denboraldirako kontratua berrituta, atal berriak dagoeneko grabatu dituzte Paris inguruan. Paris Police 1900ren aurrestreinaldia Serielizados Fest Ibizan egin zuen Cosmok, eta lehen atalak oso harrera ona izan zuen. “Arrakastaren gakoak: drama bortitza, ankerra eta zirraragarria; sorpresaz beteriko ikerketa polizial konplexua; pertsonaia sorta, benetakoak eta fikziozkoak, liluragarria; eta telebistan inoiz horrela erretratatu ez den garai asaldatua”, aipatu dute.

Errealitatea eta fikzioa Paris Police 1900 thriller historikoa da, 1899. urte nahasia errealismoz erretratatzen duena, hori guztia Dreyfus kasua lehertzen den unean. Gorroto antisemitaren eredu den Alfred Dreyfus kapitainak bost urte daramatza Guyana Frantsesean biziarteko kartzela-zigorra betetzen, egin ez zuen delitu batengatik: Alemaniaren zerbitzurako espioitza. Urte luzetako ikerketek eta eztabaidek Frantzia zatituta daukate, eta gobernuaren aldaketarekin, haren kasua berrikusi egingo duela iragarri du zigortu zuen auzitegiak. Frantziako hiriburuan matxinadak ugaritu egingo dira, eta itxura batean Hirugarren Errepublika matxinadaren atarian dago.

Dokumentazio lan handia eginda, Paris Police 1900 benetako gertakari, diskurtso eta pertsonaietan oinarrituta dago. Garaiko gizartea hunkitu zuen krimen batean inspiratutako polizia-ikerketa oinarri hartuta, serieak zintzoki erretratatzen du mende-aldaketaren eferbeszentzia. Egunkariek eremu publikoan duten eragina eta laugarren botere gisa duten papera ere islatzen da Émile Zolaren Ni akusatzaile kasu paradigmatikoan; baita telefonoa, elektrizitatea edota bizikleta bezalako asmakizun modernoak ere.

Parisko komisaria batean girotuta dago, eta Louis Lépine prefetaren eskutik Frantziako kriminologiaren eta polizia modernoaren sorrera aztertzen du telesailak, eta auzitegi-zientziaren ezarpenak eskola zaharreko polizien ustelkeriarekin, indarkeriarekin eta metodoekin talka nola egiten duen ere erakusten du. l

29/08/2022