Zumeltzegi tabernako azken sutearen ondoren, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hamasei sute erregistratu ditu Donostiako Parte Zaharrean. Oraindik auzokide batzuk ezin izan dute etxera itzuli eta bizilagunak beldur dira ez baitakite berriz ere gertatuko den halakorik.
Parte Zaharreko biztanleen segurtasuna eta haien etxebizitzena edozein sektore ekonomikoren interes pribatuen gainetik daudela esan digu Gipuzkoako Kale Nagusian Kattalin Ansorenak, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak, eta, horrenbestez larunbat honetan kalera aterako dira "PARTE ZAHARREAN SUTE GEHIAGORIK EZ" lelopean. Irteera Santa Maria Elizatik egingo da eguerdian (12pm) eta suteak izandako 16 lekuetatik igaroko dira leku bakoitzean geldialdiak eginda.
Ansorenak azaldu digu informazio falta handia dagoela udalaren aldetik, "ikuskapenak egiten direla esan dute baina guk ez ditugu ikusi eta publikoak egitea nahi dugu", baina hori ez da elkarteak egiten duen eskaera bakarra, hain zuzen ere, udal-gobernuak Suteen aurkako Prebentziorako Udal Ordenantza bat sustatzea
eskatuko dutelako.
Ordenantza horretan elkartteak hurrengoa proposatzen du:
Kanpaiak eta ke-hodiak garbi mantentzeko dagoen egungo betebehar abstraktutik betebehar zehatz batera pasatzea, urtean bitan haiek garbitzera eta horren ziurtagiria aurkeztera behartuko duen ordenantza izatea.
Instalazioen aldizkako ikuskapenak aurreikustea eta ikuskapen puntualak lokalean obrak egiten direnean suhiltzaileen ikuskatzaileen esku hartzea ere ezartzea, nahiz eta lokalak 250 m2 baino gutxiagoko azalera izan.
Erauzketa-kanpaiek sua hartzen duten kasurako aspertsoreen jaurtiketa sistema bat, eskuzkoa eta automatikoa, izateko derrigortasuna zehaztea.