irun – Bidasoa Irunek oso partida garrantzitsua jokatuko du European League-n Suitzako Pfadi Winterthur taldearen pistan; Artalekun jokatutako partidan irabaztea lortu zuen, bigarren txapelketa kontinentaleko hurrengo faserako txartela lortzeko aurkari zuzena den talde suitzarraren aurka.
Talde gipuzkoarrak azken zazpi partidetatik sei irabazi ditu Ligan, Europan ordea, ez du horrelako emaitzarik eskuratu orain arterakoan, eta hiru porrot eta garaipen bakarra erdietsita, ez dago huts egiteko beta handirik.
Sei taldekideko multzo honetako lehen lau sailkatuek jarraitu ahal izango dute European League-n, eta posizioak argitzen ari direnez, garaipena lortzea ia ezinbestekoa izango da edo, gutxienez, Suitzako kantxan ez galtzea.
Irunen jokatutako joaneko partidan Jacobo Cuetararen mutilek garaipen argia lortu zuten (32-28), baina harrez gero, Helvetiako ligan hirugarren postuan dabilen Pfadik, aurreikuspen guztiak hankaz gora bota eta irabazi egin zuen Eslovakiako Tatran Presoven pabiloian joan den jardunaldian, eta irundarren sailkatzeko helburua kolokan jarri du berriro ere.
Koronabirusak gogor erasan dio talde gipuzkoarrari eta hori garbi asko antzeman da azken bi porrotetan, Wisla Plocken aurka Europan eta Benidormen aurka Asobal Ligan. Indarrez oso eskas dabiltzanez, Jacobo Cuetarak muturreraino zukutu beharko ditu ahituta dauden jokalariak, urrearen balioa izan lezakeen partida honetan.
Bidasotarren defentsak estu zaindu beharko du Sadokek, Sidorowiczek eta Judek osatzen duten hirukotea, joaneko partidan eurek sartu baitzituzten taldeko 28 goletatik 17.
CUETARA, ITXAROPENTSU "Orain oso egoera zailean gaude, baina ilusioz gainezka eta gogotsu joango gara Europako txapelketako partida hau jokatzera", adierazi zuen Jacobo Cuetarak, eta azpimarratu ere egin zuen: Pfadi Winterthurren aurkako partida "oso garrantzitsua da guretzat" hurrengo fasean sartu ahal izateko.
Bere esanetan, talde irundarra "Egoera fisiko larrian gaude eta nola hala gainditzen saiatu behar dugu". Bestalde, "gabeziak ahaztu, eta zelaian gaudenok hortzak estutu beharko ditugu" gaineratu zuen.
Pfadi Winterthur taldeari buruz, honako hauek esan zituen entrenatzaile bidasotarrak: "oso lehiakorrak dira. Ez da erraza izango, euren etxean jokatu beharra, Europako Liga da... zaila izango da, noski. Betiko legez, gure mailarik onena eskaintzea izango dugu helburu, gure nortasuna erakustea. Horretarako gauza izanez gero, gure taldea lehiakorra izango da. Hortzak estutu eta daukagun guztia emango dugu".