Gipuzkoa

Pasai Antxoko sanferminek Juanjo Bujanda omenduko dute

Gaur hasiko dira ofizialki 20.00etan botako den txupinazoarekin eta igandera arte iraungo dute
Aurreko urte bateko festa hasierako giroa. | ARGAZKIA: IÑIGO IRADI

Bi urteko hutsunearen ondoren gaurtik igandera arte egitarau oparo batekin ospatuko dituzte sanferminak Pasai Antxon. Txupinazoa 20.00etan izango da, baina ordu erdi lehenago, festen aurkezpenean iaz zendutako Juanjo Bujandari omenaldia eskainiko zaio. Bera izan zen 40 urte baino gehiagoz festetako txupina pizteaz arduratu zena.

Bihar San Fermin egunean saltseroak izango dira protagonista. 12.00etan meza izango dute eta gero egun guztian zehar Tximeleta txarangarekin aterako dira herriko kaleetatik. 13.00etan, Galepertarrak antolatuta sardina-jana egongo da, 18.00etan haur danborrada izango da eta 19.00etan herri kirolak ikusteko aukera egongo da.

Ostiralean gazteen eguna ospatuko da. 20.00etan Euskal Jaia hasiko da eta 00.00etan helduen danborrada irtengo da.

Larunbatean, Euskal Jai eguna izango da, eta ekintza gehien bilduko dituen jardunaldia izango da. Goi mailako bertso emanaldia izango da.

Azkenik igandean, haurren egunean, puzgarriak, haurren bazkaria, parrillada eta apar festa egongo dira. Ohi bezala, festak hurrengo urtera arte agurtuko dira zezen suzkoarekin eta Gaixoa ni abestuz.

Festetako egitarau osoa www.pasaia.eus webgunean ikus daiteke. – A. Muga

07/07/2022