Buscar
Gipuzkoa

Pasaiako Itsas Gelak 20 urte bete ditu itsas ondarea balioan jartzen

'Mater' San Pedroko kaian. Argazkia: Arnaitz Rubio
'Mater' San Pedroko kaian. Argazkia: Arnaitz Rubio

Pasaia – Duela hogei urte sanjuandar talde batek Itsas Gela elkartea sortu zuen itsasoaren ondarea eta ekosistema honen babesaz kezkaturik. 2003an desagitera zihoazen Mater itsasontzia, egurrezkoa azkeneko atunontzia, erosi zuen elkarteak. Ontzia gaur egun San Pedron kokatua dagoen museoa da eta elkarteak bere helburuak garatzeko erabiltzen duen tresna da.

Izaskun Suberbiolak, Itsas Gelako lehendakariak, elkarteak hogei urte hauetan egindako ibilbidea errepasatu du. Bere aita Itsas Gelako ai-tzindarietako bat izan zen eta hasiera batean lagun talde horrek itsas ondarea eta bere natur balioa ezagutaraztea izan zuen helburutzat. "Gauza bat ezin da zaindu eta maitatu ezagutzen ez bada", nabarmendu du Suberbiolak.

Lehendakariak elkarteko sortzaileen lana goraipatu du. "Xume-xume jaio zen proiektu bat izan zen, nahiak eta pasioak gidaturik. Itsas ondarea biltzen eta jasotzen hasi ziren balioan jartzeko eta herritarrak itsas kulturara gerturatzeko, izan ere Pasaiak eta badiak itsasoarekin lotura zuzena dute", gogorazi du. Orduan hasi ziren arrantza teknikak aztertzen, kontsumo arduratsuaz jabetzen...

Urteak igaro ostean, hasierako helburuak egokitzen joan dira eta itsas hondakinen eta berotze globalaren inguruko hausnarketara ireki dituzte. Gainera, azken urteetan gizartearen inplikazioa gai hauetan handiagoa dela nabaritu dute.

Materrek ere ikusgaitasuna eman die eta proiektu gehiago aurrera eramateko aukera eman die: bisita gidatuak, tailerrak, Azterkosta proiektuaren inguruko senadietako landaredi eta fauna azterketak...

Gainera, Mater Museo Ekoaktiboa Euskal Museo Sarearen barnean dago eta Oarsoaldea agentziak ematen dion laguntzak irabazi asmorik gabeko elkartearen lana finkatzea ekarri du. Gaur egun bost lagunek dihardute lanean, bakoitza proiektu batera dedikatuta.

Sariak Suberbiola lehendakariak dioenez, "beti izan da zaila horrelako lan bat egitea, proiektu motela baita". Alabaina, azken hilabeetan hainbat instituzio eta entitatek begirada beraiengan jarri dute eta hainbat sari jaso dituzte; adibidez, Salvamento Maritimoren ODS14 itsasoaren sentsibilizazioan, Euskadiko Turismo Saria edo Emakumeen Lurra saria, ingurumenaren aldeko ekintza eredugarriagatik.

Etiquetas
2021-12-09T10:39:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo