Cultura

“Pasolinik ez ditu bere ume protagonistak goxatzen; kabroi hutsak dira”

Igela argitaletxeak sortzaile italiarraren lehen eleberria kaleratu du, ‘Kale gorriko umeak’.
Fernando Reyk Igela, argitaletxearentzat, Pier Paolo Pasoliniren lehen nobela itzuli du.

Igela argitaletxeak neorrealismo italiarraren ordezkari nagusienaren lehen eleberria euskarara ekarri du. Fernando Rey itzultzaileak Pier Paolo Pasoliniren Ragazzi di vita nobela batura ekarri du, Kale gorriko umeak izenburupean. Reyk, Igelako editore Lander Majuelorekin batera, argitaletxearen emari berria aurkeztu du gaur astelehenez, Pasolini Bolonian jaio zenetik ehun urte bete direnean.

Harkaitz Canok idatzi du Kale gorri umeak liburuaren gibel solasa eta bertan azaldu du 1955. urtean idazkia Italian publikatu zenean sortutako polemika, lehenik, eta inora iritsi ez zen auzia, bigarrenik. “Dokumental baten antzekoa da” Kale gorriko umeak eleberria, “oso gordina”. Riccetto, Caciotta eta Begalone Erromako aldirietako nerabe pobreen eguneroko bizitza kontatzen du Pasolinik, errealitatea “goxatu gabe” eta “gazte zapaldua idealizatu gabe”. “Kapitalaren eta sistemaren biktimak dira” eleberriaren protagonistak, maitasunik inoiz jaso ez duten kontzientziarik gabeko haurrak, “kabroi hutsak”, bizirauteko edozer egiteko kapaz direnak. Hain zuzen ere, errealitate hura islatzeak arazoak ekarri zizkion Pasoliniri, nobelan haien gorputza saltzen duten haur edo gizonak deskribatu zituelako: “Pornografikotzat jo zuten nobela”.

Klase ertainera igo zen familia bateko lehen semea izan zen Pasolini. Aita militarra zuen, eta haren jipoiengandik ihesi II. Mundu Gerra bukatuta Erromako periferian bukatu zuen bere amarekin. Berehala “intelektual” bihurtu zen eta Italiako eztabaida “artistiko-politiko gehienetan” parte hartu zuen, horietako asko berak propio sortuak, gainera; “polemika maite zuen”. “Oso bizimodu gogorra eta sufrikarioa izan zuen gaztaroan Pasolinik eta horrek markatu egin zuen”, azaldu du Reyk.

Aldirietan bizitakoekin kontzientzia piztu zitzaion artistari. Neorrealismoan murgildurik, “jendearen ezaugarri eta baldintza sozial benetakoak erakustea” izan zen lehen nobela honen helburua. “Pertsonaien sentimenduak, eguneroko esperientzia eta bizimoduak aurkeztu nahi ditu, gertakariak sakon aztertuz eta kritika eginez krudelkeriari eta agintari jendeari”, azaldu du itzultzaileak.

Deskribatu zituen kale gorriko ume horiek, “jende zapaldua ziren, batere kontzientzia eta printzipiorik gabekoak”. Utopian sinesten duten nerabeak dira, “iraultzarik nahi ez dutenak”, gizarte mailan koska bat igotzearekin aski dute, “nolabait integratzea”: “Ezkerrean ere iskanbila sortu zuen nobelak, haur horiek ez zirelako iraultza-subjektuak”.

Itzulpena

Bereziki italiar literaturaren itzulpenean espezializatua dagoen Fernando Reyk aitortu duenez, Ragazzi di vita euskaratzeko orduan, erronka handi bat topatu omen zuen, eleberria ez baitzegoen italiar batuan idatzita, erromaneskon, baizik –Erroma inguruko dialekto batean–. Eta ez hori bakarrik, protagonistek gazteen kale hizkeran hitz egiten dutelako. Lehen edizioan Pasolinik italiarrentzat glosario bat gehitu zuen, protagonisten hizkera uler zezaten.

Itzulpenari aurre egiterako unean, Reyk euskara batura ekartzeko autua egin zuen. Pasa den mende erdialdean Erromako aldirietan bizitako errealitatea eta Euskal Herrikoa oso bestelakoak zirela konturatuta, hizkuntza neutro baten alde egin du itzultzaileak, euskalkiak alde batera utzita, irakurleak Italiako hiriburu biolento, itsusi eta pobre hura imajina dezan, Euskal Herrira inongo bidaiarik egin gabe: “Erroma nobelako beste protagonista bat da, baina Pasolinik bestelako ibilbide bat proposatzen digu, ez turistei eskaintzen zaiona, errealagoa baizik”.

Hartu dituen erabakien artean, Reyk kale izenen eta pertsonaien ezizenen jatorrizko moduak mantendu ditu. “Nire erronka eta nahi printzipala, Pasolinik deskribatzen duen giro hori euskarara nola ekarri izan zen, irakurlea Erromatik atera gabe ongi funtzionatuko zuen moduan”, esan du Reyk.

Pasolini, artista oparoa

Errenazimenduko sortzaileen antzera, diziplina anitzetan jardundako artista izan zen Pasolini. Nagusiki haren zinemagintzarengatik ezaguna izan arren, poesia, dramaturgia, margolaritza, eleberrigintza eta kazetaritza ere landu zituen. Saltsa guztietako perrexila, Erromako garai hartako gizartean bi dilema handieren aurrean topatu zen: alde batetik, mugimendu komunistan bere anaia partisanoa akabatu zutenekin militantzia konpartitu zuen –anaiaren hilketak bere kontzientzia politikoa bultzatu zuen–; bestetik, kristau fedea ere bazuen. Gerra ostean, aldiz, homosexuala izateagatik kanporatu egin zuten alderdi komunistatik. Garai berean, eta berari gertatu ez arren, Pio XII.ak komunista ugari eskumikatu zituen. “Elizarik gabeko kristaua izan zen, baita alderdirik gabeko marxista edo iraultzailea ere”, azaldu du Majuelok.

Pentsalari ezerosoa izan zen Pasolini, eta inolako ezbairik gabe, horrexek ekarri zuen bere hilketa ere. 1975. urtean Ostiako hondartza batean erail zuten, Petroleo izeneko eleberria osatzeko lanean, Italiako petrolio konpainia nazionalaren eta mafiaren arteko erlazioak ikertzen ari zela.

11/10/2022