Actualizado hace 2 minutos
Lehenengo aldiz, Periazoka antolatu dute Gaintzan. Martxoaren 16an, igandean, izango da. Bertan, Goierriko eta inguruko 21 ekoizle elkartuko dira eta denetarik izango da salgai: eztia, ogia, haragia, poltsak, liburuak, bitxiak…
10.30etatik 14.00etara egongo da azoka zabalik. Eguraldi ona eginez gero, plazan eta elizaren bueltan jarriko dituzte postuak. Euriarekin, aldiz, pilotalekuan.
Egun osoko egitaraua
Beste ekintza batzuk ere izango dira, izan ere, egun osoko egitaraua antolatu dute Gaintzako biztanleek. Musika, magia eta txakur trebatuen erakustaldia, besteak beste, ere izango dira hilaren 16an. Gainera, herri bazkaria egingo da. Arkume jana egingo dute herriko pilotalekuan.
Autobus zerbitzu berezia
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gaintzako Udalaren eskaerari erantzunez, autobus zerbitzu berezia antolatu du Periazokara hurbiltzeko. Autobusak Ordiziako Renferen geltokitik abiatuko dira 11.15ean, 11.50ean, 12.00etan eta 12.25ean, eta honako ibilbide hau egingo dute: Ordizia-Oteginea (11.18an, 11.53an, 12.10ean eta 12.28an), Zaldibia-Bilore (11.25ean, 12.00etan, 12.20an eta 12.35ean) eta Gaintzara 11.35ean, 12.10ean, 12.45ean eta 12.30ean iritsiko dira. Itzultzeko, autobusak Gaintzatik 14.00etan, 14.35ean, 17.15ean eta 17.50ean abiatuko dira.