Bizkaia

Perretxikoak identifikatzeko doako zerbitzua abiarazi du Bilbok

Martxan da perretxikoak identifikatzeko doako zerbitzua.

Astelehen honetatik aurrera, martxan dago Bilboko Udalak urtero aktibatzen duen Perretxikoak identifikatzeko zerbitzua. Osasun eta Kontsumo sailak antolatutako ekimen hau erabat doakoa da.

Zerbitzuaren zereginen artean daude bildutako perretxikoak jangarriak direla egiaztatzea —eta, hala, intoxikazioak ekiditea— eta perretxikozaletasunari lotutako zalantzak argitzea.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak udazkenero abiarazten du doako zerbitzu hau, pozoitsuak izan daitezkeen perretxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak ahalik eta gehien txikitzeko.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Kontsumoko zinegotziak eta Álvaro Chirapozu Elikagaien Ikuskaritzako eta Zoonosiko Sekzioko buruak aurkeztu dute zerbitzua, gaur goizean. Perretxikozaleen komunitateak asko estimatzen du ekimena. Iaz, 57 lagunen 130 kontsulta artatu ziren; eta, 2020an, 56 erabiltzaileren 165 kontsulta jaso ziren.

Aurten, lehenengo aldiz, zaleek Osasun eta Kontsumo Saileko bulegoetara joan beharko dute (Kristo kalea 1, 5. solairua). Arreta emateko ordutegia 09:30-13:30 izango da, urriaren 17an eta 24an, eta azaroaren 2an, 7an, 14an, 21ean eta 28an.

Gomendioak

Ahal dela, komeni da perretxikoak batu dituena bera hurbiltzea zerbitzura, inguruneari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ahal izan ditzan. Era berean, komeni da bildutako perretxiko mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eramatea (zurtoina osorik dutela, ebaki barik), beste espezieetakoekin nahastu barik.

Gainera, Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak zaleei gogorarazten die hazita eta osasuntsu (zizarerik gabe) dauden aleak bakarrik jaso behar direla. Bestalde, komeni da kontsulta perretxikoak batu eta ahalik arinen egitea (bi egunen buruan, gehien jota), eta bildutakoa plastikozko poltsetatik kanpo gordetzea, zabal-zabal jarrita, hozkailuaren beheko aldean, trapu garbi eta lehor batez estalita.

Ez da komeni perretxikoak garbitzea ez izoztea identifikatu aurretik, berezko usaina eta kolorea galtzen dutelako; eta ez dira ontzi berean perretxiko desberdinak nahasi behar.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo sailak herritarrak animatzen ditu zerbitzua erabiltzera eta jaso dituzten perretxikoen gainean dituzten zalantza guztiei buruz galdetzera. Horrez gain, perretxikoak jaten dituztenei gogorarazten die ondoeza nabarituz gero, osasun-larrialdietara jo behar dutela, berehala.

18/10/2022