Iluntzeko 19:00etan hasiko da AEK-k eta Gure Zirkuak elkarlanean prestatutako omenaldia Tolosan. Zirkuaren mundu magikoan murgilduta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei euskaren alde egindako lana aitortuko diete. "Euren konpromiso eta ekinarengatik -Korrikaren bultzatzaileen hitzetan-, eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako".
Ekitaldirako sarrerak dagoeneko agortuta daude. "Zirkuko espektakuluan txertatuko da, eta erabat integratuta egongo da trapezista, malabarista eta pailazoen izpirituarekin", azaldu du Korrikaren arduradunak, Asier Amondok ohar batean.
Aiora Zulaikak (Pirritx), Joxe Mari Agirretxek (Porrotx) eta Mertxe Rodriguezek (Marimotots) 34 urte eman dituzte jada Euskal Herriko plaza eta agertokiak alaitzen, Ibilbide horretan, euskararen transmisioa landu dute bereziki. Zentzu honetan, Korrikak azpimarratzen du "hizkuntzaren transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dutela. Eta zuzeneko eragina izan dutela ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten".