Zarauzko hondartzan jokatuko den Playeruak txapelketaren edizio berria prest dago jada. Bosgarren edizio honek DBHko ikasleei zuzendutako plaieroetako txapelketa izango da, urtean zehar lehiatzeko aukera ez dutelako. Apirilaren 26an (larunbata) eta 27an (igandea) jokatuko da txapelketa, eta zazpi jokalariz osatutako taldeek parte hartuko dute.
Apuntatzeko azken eguna apirilaren 9a izango da eta 8-12 partaide inguruko taldeak apuntatu ahal izango dira. Izena emateko esteka hau erabili behar da edota behean atxikita dagoen QR kodea.

Txapelketan apuntatzeko QR kodea.
Talde eta partiduen ezaugarriak
Talde mistoak izan beharko dira, derrigorrez, eta une oro gutxienez hiru neska eta hiru mutil egon beharko dira zelaian. Partiduak bi zatitan banatuko dira, bakoitza hamar minutukoa. Berdinketarik egonez gero, penaltien bidez erabakiko da irabazlea.
Jokalari bakoitzak izen-emate kuota modura elikagai bat ekarri beharko du: olio botila (lehentasunezkoa) edo dilista paketea. Bildutako elikagai guztiak Zarauzko elikagai bankura bideratuko dira, premia handiena duten herritarren artean banatzeko. Gainera, herritar guztiek ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Lehen txandan jokatzen duten taldeek beraien zelaiko porteria eraman eta muntatu beharko dute, eta azken txandan aritzen direnek, berriz, porteriak jasotzeaz eta lokalera eramateaz arduratuko dira. Antolakuntzak partidurako baloia jarriko du, eta talde bakoitzak bi kamiseta ekarri beharko ditu: bata txuria eta bestea nahi dduten kolorekoa.
Partidu bakoitza hasi aurretik, jokalariek eskua eman beharko diote elkarri eta talde-argazkia aterako dute. Gainera, atsedenaldietan jokalariek txokolate beroa eta fruta izango dituzte eskuragarri.
Hondakinak bildu eta birziklatzea derrigorrezkoa
Txapelketa jasangarria izan dadin, hondakin guztiak bildu eta birziklatzea derrigorrezkoa izango da. Horrez gain edariak banatzeko postua izango da, baita irrati-gunea ere. Bertan, Arraio irratiko kideek txapelketaren berri emango dute, elkarrizketak egingo dituzte eta parte-hartzaileen testigantzak jasoko dituzte.
Lehiakortasunetik harago, lagunarteko giroa sustatu nahi dute. Horregatik, sariak zozketaren bidez banatuko dira parte-hartzaileen artean. Irabazleek talde-afariak, kirol-esperientziak, emanaldietarako sarrera, izozkiak... eta bestelako opariak jasoko dituzte. Informazio gehiago lor daiteke antolakuntza@playeruak.eus helbidera mezu bat bidalita.