Buscar
Cultura

“Poema liburuak ez dira hainbeste ulertzeko eta bai sentitzeko”

Castillo Suarez idazleak ‘Alaska’ poema liburua argitaratu du, galdutako tokiek sortutako sentimenek gidatzen dutena. Hainbat literatur generotan murgildu da, haur literatura eta prentsa zutabeak barne. Horrez gain, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendat
Idazle nafarraren zazpigarren poema liburua da ‘Alaska’.
Idazle nafarraren zazpigarren poema liburua da ‘Alaska’.

Euskal filologoa formakuntzaz, euskara teknikari lanetan dihardu eta hilabete batzuk barru euskaltzain oso bezala, sarrera-hitzaldia aurkeztuko du. Hala ere, zerbaitengatik egin bada ezagun, Castillo Suarez (Altsasu, 1976) idatzitako eleberri, prentsa zutabe eta, batez ere, poesia lanengatik izan da. Alaska izenburupean, liburu berria dakar, olerkien bidez gure memorian iltzatutako toki ahaztuak gogora ekartzen dituena, irakurlea beste sentipen askoren artean murgilduz.

‘Alaska’ da zure azken poema liburuaren izena, baina ez diozu jarri Estatu Batuetako estatuarengatik; zergatik izenburu hori?

Alaska da nire gurasoen etxe inguruan zegoen hotel bat, gaur egun abandonatua dagoena, Etzegaraten. Garai batean errepide nagusia pasatzen zen, han bide bazterreko hotel asko zeuden eta deigarriena hura zen. Guretzako Las Vegas txiki bat bezalakoa zen. Kanpotik ikus daiteke, baina aspaldi dago itxita, N-1aren bidea aldatu zutenetik.

Zer suposatzen du hotel horrek zuretzat?

Nik beti esaten dut denok daukagula Alaska bat bihotzean. Alegia, denok daukagula gure oroimenari lotutako tokiren bat, erdizka gogoratzen duguna edo nolabait gure memoriari iltzatuta dagoena; erdi ahaztuta badaukagu ere beharrezkoa duguna bizitzeko, gure nortasunaren parte dena. Eta askotan hitz egiten da pertsonen doluaz, pertsona bat galtzen dugunean zer gertatzen zaigun edo ze ibilbide daukagun… doluaren faseez hitz egiten da, baina zer gertatzen da bizitzan toki bat ez daukagunean? Horri buruzko gogoetarekin hasi nintzen.

Kotxez asko pasatzen naiz hotel horren aurretik eta behin iruditu zitzaidan neoizko argiak piztuta zeudela. Erdi ametsezko irudi bat izan nuen. Seguruenik nire irudipenaren parte izan zen, baina oroitu nintzen Maddi Barberrekin. Bera Lakabekoa (Nafarroa) da, eskualde hartan Itoizko urtegia dago eta berak egiten ditu paraje horri buruzko ikus-entzunezko lanak; Maddik hitz egiten du hango bazkaleku eta herriei, urak desagerrarazi zituenei, nola egin dolua. Berak egiaztatutako ideia bat da hori eta esaten du ametsen bidez egiteko. Amets kolektiboan. Eskualdean jende asko dago eta partekatzen duten amets bat da. Galdutako lur hori partekatzen dutelako. Hori guztia nirera ekarriz, nolabaiteko amets bat idatzi dut, nire kasuan, amets egiten duen neska batena, garai bateko Alaskarekin eta han lan egiten zuen zerbitzari batekin, kasu honetan.

Denok daukagu gure oroimenari lotutako tokiren bat, nolabait gure memoriari iltzatuta dagoena

Zure olerkiak irakurtzerakoan askotan aipatzen da elementu bat: elurra. Zer dauka elurrak edo zer sortzen dizu zuri?

Beti esaten dut elurrak estaltzen dituela parajeak, azaleko guztia, eta benetan inportanteak diren gauzak bakarrik geratzen direla bistara. Gero, gainera, elurra oso gauza ederra da, baina ura da azken finean, eta askotan ur zikina bilakatzen da. Bide bazterretan geratzen den elur zikin hori. Beti egin zait oso deigarria eta askotan erabili dut nire poema liburuetan. Nire sinboloetako bat da eta igerilekuak ere askotan aipatzen ditut. 

Olerki bat eratzen edo sortzen hasten zarenean, prozesu hori nola ematen da: osotasun batekin, esaldiak banaka eraikiz edo hitz konkretuei garrantzia emanez?

Nik liburu bat egiten dudanean lehendabiziko gauza garbi daukadana izenburua edo ideia nagusia da. Kasu honetan buruan neukana Alaska zen, tokien dolua, etab. Gero, nik apuntatzen ditut deigarriak egiten zaizkidan gauzak, bai irakurri ditudanak, bai ikusi ditudanak, zein kontatu dizkidatenak, horiek apuntatzen ditut eta ostean, nolabait, hori izaten da poema bat egiteko bazka. Apunte horietatik abiatzen naiz, askotan eskuz idatzitakoak, nahiz eta gaur egun arruntagoa den telefonoa erabiltzea oharrak apuntatzeko, horiek dira poemak egiteko lehengaiak. Gero poemak osorik idazten ditut, hasi eta bukatu. Eta normalean, ez bada arrazoi estilistiko bat, egindako ordenan argitaratzen dira. Ordena kronologikoa da. Gainera, ez naiz asko errepasatzekoa. Esan nahi dut, behin poema bukatuta ez dut atzera aurrera egiten eta gehienez ere poemaren bat lekuz aldatu, jauzi handiegia dagoelako adierazpenean edo estilismoagatik. Behin idatzita ez dut atzera egiten.

Idazten hasten zarenean segurtasun batekin egiten duzu, hortaz.

Bai, horrela da bai. Ez zait kostatzen nire liburuak defendatzea, ziurtasunarekin joaten naiz. Agian, kasu honetan, beste liburu batzuekin alderatuta, Irautera adibidez, nire azken olerki liburua dena eta oso kritika ona izan zuena, pozik geratu nintzen eta zalantza izan nuen Alaska argitaratu edo ez. Esango nuke Irautera liburuaren bonus track bat dela niretzat. 

Esan daiteke azken lanaren jarraipen bat dela?

Bai, jarraipen bat da, baina esango nuke aldea dagoela aurrekoarekin alderatuz. Oraingoan irudiak askoz ere bortitzagoak dira, gogorragoak. Beharbada, lehengo lana leundu egin nuen, ez kontzienteki, baina bai adierazpen modua beste era batekoa zen. Naturaren elementu asko aipatzen ziren beste liburuan eta ez zen horren krudela. Kasu honetan nire zalantza zen: ez naiz betikoa esaten ari betiko moduan? Orduan, Elkar argitaletxekoek aholkatuta, bultzatu egin ninduten argitaratzera. Badut nortasun edo estilo bat eta hori nabaritzen da. Baina beraiengatik izan ez balitz seguru nago liburu hau ez zela kalean egongo. Beste batzuetan izan ez dudan bultzada bat izan dudalako gainera.

Deigarria egiten den beste elementu bat zure sorkuntzan lengoaiarekiko duzun zainketa da. Hitz bat aukeratzerakoan idazten duzunean, zein irizpide edo ardatz erabiltzen duzu, hitzaren soinua, edertasuna edo honen esanahia? 

Nik uste dut esanahiari gehiago erreparatzen diodala. Hau da, nire estiloaren ezaugarrietako bat da destilazioa. Estilo soila da hizkuntzari dagokionez. Ez dago esaldi korapilaturik edo konplexurik, eta alde horretatik nire ustez zailtasuna nire liburuetan ez dago hizkuntzan. Egotekotan erabilitako sinboloetan dago. Irudietan.

Etzegarateko errepideko hotel bat zen Alaska, egun abandonatua.

Etzegarateko errepideko hotel bat zen Alaska, egun abandonatua. Pablo Viñas

Egile bezala zuk beste literatur genero batzuk ere landu dituzu. Baina zer dauka poesiak beste generoek ez daukatena?

Beti idazleek poema liburu bat idazten dugunean galdetzen digute noizko eleberria. Ematen du idazle estatusa ez duzula poema liburuekin lortzen. Nahiz eta hamar liburu idatzi inoiz ez zarela idazle izango. Nik uste dut zerikusia daukala nire estiloarekin. Orain elkarrizketa batean nagoelako, baina bestela oso hitz gutxiko pertsona naiz. Gero, lan mota ere bada. Eleberri bat idatzi beharko banu iruditzen zait dedikazio handiagoa beharko lukeela nire aldetik. Egituratze handia behar dute eleberriek. Nik orain ez daukat prestutasuna edo denbora, ala biak batera. Nire poema liburuek daukaten ezaugarri bat da, poema bat irakur dezakezula gaur eta hemendik hamabost egunera beste bat. Haria ez duzu galtzen. Nik ere horrela idazten ditut batzuetan, saltoka. Egia da, normalean, liburu bat egiten duzunean kontzentratu egiten zarela eta, nahiz eta hari bat izan, poema liburu batean, normalean piezak independenteak dira. Horrek nire izaerarekin zerikusia daukala uste dut.

Lehen aipatzen zenuen gauzen edo tokien faltak sortzen diguna. Horren harira, tristura poztasuna baino inspirazio iturri handiagoa da?

Nik ez dut idazten triste nagoenean edo ez dut ulertzen literatura modu terapeutikoan. Ez dut husteko idazten. Baina bai iruditzen zait zoriontasunari buruzko testuak ez zaizkidala hainbeste interesatzen. Interes kontu bat izango da. Hutsuneak hutsune, galerak galera, hondamendiak hondamendi, nik beti esaten dut beti egongo garela iraun behar duenaren alde. Ez nuke nahi irakurlea etsipen horrekin uztea. Denok ditugu gure bizitzan abandonuak, triskantzak, etab. baina aurrera jarraitu behar dugu. Hori da bidea. 

Nik ez dut idazten triste nagoenean, ez dut ulertzen literatura modu terapeutikoan. Ez dut husteko idazten

Poemagintza irakurlearentzako beti kontsideratu izan da literatur genero zail bat. Hala ere, nola konbentzitu edo erakarri daiteke mundu honetara ezezaguna zaion irakurle bati?

Ni hasi nintzen poesia irakurtzen Mondadori argitaletxeak atera zituen liburuxka txiki batzuei esker. Munduko poetei eskainita zeuden. Bertan azpimarratzen nituen deigarriak egiten zitzaizkidan esaldiak eta hitzak. Askotan, poema liburu bat hartzen dut eta ez dut gehiegi ulertzen. Baina badira irudiak, badira esaldiak, gauzak, oso deigarriak egiten zaizkidanak eta barrenera iristen zaizkidanak. Beharbada, izaten dugun akats handienetako bat da poema liburuak eleberriak bezala irakurtzen ditugula eta saiatzen garela hitz bat bestearen ondoren ulertzen. Poema liburuak ez dira hainbeste ulertzeko eta bai sentitzeko, esango nuke. Eta gogoeta egiteko ere bai.

Hortaz, irakurle hasiberriak hasiera batean ez badu dena ulertzen, ez da kezkatu behar, ezta?

Ez. Niri askotan gertatzen zaidan gauza bat da hartzen ditudala poema liburuak, erosita edo liburutegitik, eta ez zaizkidala batere gustatzen. Utzi egiten ditut. Ez da ezer pasatzen. Baina eleberriekin berdin. Poema eta poeta askotarikoak daude. Batzuk ez digute atentziorik deitzen eta ez da ezer gertatzen. Bizitzan egiten ditugun hamaika hautuekin gertatzen den bezala.

2023-03-22T17:04:08+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo